maiatzaren 22-ko hauteskundeak

Bilduk ia 300 zerrenda aurkeztuko ditu gaur hauteskunde batzordeetan

EA, Alternatiba eta independenteen koalizioaren eskaintza Hego Euskal Herriko %98ra iritsiko da. Hilaren 28tik aurrera aurkeztu ahal izango dira helegiteak. Rubalcabak ostiralean baieztatu zuen Bilduren zerrendak inpugnatzeko akordioa dutela PPrekin. Honek dio "Batasunak EA kutsatu" duela.

2011ko apirilaren 18a
16:43
Entzun

Gaur da azkeneko eguna maiatzaren 22ko udal eta foru bozetarako hautagai zerrendak lurralde bakoitzeko hauteskunde batzordean aurkezteko, eta Bildu koalizioak jakinarazi du Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan ia 300 zerrenda aurkeztuko dituela eta, horrela, Hego Euskal Herriko hiri eta herrietako biztanleriaren %98ra iritsiko dela.

"Zerrenda denek beteko dute legedia", esan dute EAk, Alternatibak eta independenteek osatutako koalizioko iturriek. Pello Urizar EAko idazkari nagusiak adierazi du legez kanpoko erakundeetako kiderik ez dela izango Bildun, eta hautagai guztiek indarkeriaren kontrako testu bat sinatuko dutela.

Hautagaitza guztiak herrialdeko buletinetan etzi argitaratuko dira, eta ostiralean probintziko hauteskunde batzordeak balizko irregulartasunen berri emango du. Hilaren 25ean zerrendak aldarrikatuko dituzte eta hurrengo egunean argitaratuko dituzte berriro buletin ofizialean.

Hilaren 28tik aurrera aurkeztu ahal izango dira zerrenden aurkako helegiteak. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak maiatzaren 20ra arteko epea du balizko inpugnazioei buruzko erabakiak hartzeko.

Federico Trillo PPko Justiziako koordinatzaileak lehengo ostegunean esan zuen "Bilduren zerrenda guztien kontra egiteko" akordioa lortu duela Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko lehen presidenteorde eta Barne ministroarekin. Honek berria baieztatu egin zuen ostiralean.

 

PP eta kutsadura

Esteban Gonzalez Pons PPko Komunikazio idazkariordeak Bilduren kontra jotzeko eskatu dio gobernuari, atzean Batasuna legez kanpoko erakundea dagoelakoan. "Ukitzen duen dena kutsatzen du Batasunak, eta EA ukitu badu, Batasunak EA kutsatu du". Koalizioaren zerrenda denak inpugnatzeko eskatu dio, hala, Ponsek Espainiako exekutiboari, eta PPren babesa jasoko duela hitz eman dio. "Batasuneko inork ezin du izan zinegotzi, alkate edo batzarkide".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.