Bilduk mozioak aurkeztuko ditu euskal presoen eskubideen alde

Koalizioaren ustez, bada garaia espetxe politika «errotik» aldatzeko eta pausoak emateko eskatu die estatuei

Mertxe Aizpurua, Koldo Amezketa eta Bakartxo Ruiz, atzoko prentsaurrekoan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2011ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Normalizazio politikoak aurrera egin dezan eta presoen eskubideak errespetatuak izan daitezen, hainbat egitasmo gauzatuko ditu Bildu koalizioak datozen egunetan. Hego Euskal Herriko alkate, zinegotzi, batzarkide eta parlamentariek hainbat protesta iragartzeko agerraldia egin zuten atzo Donostian. Bertan azpimarratu zuten ETAk urriaren 20an armak uzteko erabakia iragarri ostean gatazkari irtenbide bat aurkitzeak derrigorrezkoa behar duela. Besteak beste, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Koldo Amezketa Nafarroako parlamentaria eta Mertxe Aizpurua Usurbilgo alkatea izan ziren agerraldi jendetsuan.

Hala, presoen eskubideen alde mobilizatzera deitu zuten Bilduko hautetsiek. Iragarri zutenez, ostiralean 24 orduko gose greba egingo dute hautetsiek, eta udaletxe guztietan bilkurak egingo dituzte eguerdian. Horrez gain, presoen eskubideen aldeko mozioak aurkeztuko dituzte udaletan. Urtarrilaren 7rako deituta dagoen manifestazioarekin bat egin du koalizioak, halaber.

«Aitzakirik gabe»

Bildurentzat ezinbestekoa da Espainiako eta Frantziako gobernuek pausoak ematea, Aieteko Adierazpenaren eta ETAren erabakiaren ostean «aitzakiarik ez dagoelako». Egungo abagune politikoak eta euskal gizarteak eskatzen duen mailara jokatzeko eskatu die koalizioak bi gobernuei, eta, besteak beste, espetxe politika «errotik» aldatzeko eta euskal presoak «baldintzarik gabe» Euskal Herrira ekartzeko galdegin die. Halaber, Bilduk uste du espetxe politika «terrorismoaren aurkako politikatik» ateratzea funtsezkoa dela.

Bildurentzat, lehentasunezkoa da hainbat neurri hartzea egungo espetxe politika amaitzeko; besteak beste, presoak Euskal Herrira hurbiltzea; gaixotasun larriak dituzten presoak, epaiketaren zain daudenak eta zigorraren hiru laurdenak beteak dituztenak aske uztea; espetxe onurak «murrizketa eta arbitrariotasunik» gabe ezartzea, eta Parot Doktrina bertan behera uztea. Koalizioaren irudiko, ezinbestekoa da euskal gizartea aldarrikapen horien «protagonista» izatea, eta estatuei urrats horiek egin ditzaten «presioa» egitea.

Normalizazio prozesuan aurrera egitea garrantzi handikoa bada ere, «tamalez» estatuen aldetik ez dela mugimendurik antzematen salatu du Bilduk. «Zoritxarrez ez dute borondaterik aurrera egiteko eta diskurtsoak eta praktikak iraganeko estrategien isla dira», azpimarratu duKoldo Amezketak. Horiek horrela, konponbiderako prozesuaren etorkizuna ezin dela «estatuen eskuetan» utzi eta horregatik herritarrek parte hartze zuzena izan behar dutela adierazi du.

Horrez gain, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) argitara eman duen erabakia txalotu egin du koalizioak, prozesuarekin «argi» engaiatzen delako, eta baliabideak proposatzen dituelako konponbide prozesuan presoak «eragile aktiboak» izan daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.