politika

Bilduk Nafarroako Gobernua "berehala" uzteko eskatu dio PSNri

Nafarroako Ekonomia sailburuak 132 milioi euroren murrizketak iragarri zituen atzo, eta PSNk iradoki zuen doikuntza hori eginez gero, gobernua utziko duela.

2012ko ekainaren 2a
19:03
Entzun

Bilduk PSNri gaur eskatu dio "Nafarroako Gobernua berehala" uzteko, UPNk 132 milioi euroko doikuntza iragarri ondoren. Alvaro Miranda Nafarroako Ekonomia sailburuak atzo iragarri zituen murrizketak, eta PSNk iradoki zuen gobernua utziko duela UPNk 132 milioiko doikuntza eginez gero

Maiorga Ramírez eta Aitziber Sarasola Bilduko kideek agerraldia egin dute gaur goizean. Ramirezek gaitzetsi du pasa den irailetik PSN "laguntzen eta babesten" aritu dela Nafarroak inoiz ezagutu duen politika ekonomiko "atzerakoienetako" bat, eta politika hori "porrota" izan dela konturatuta, gobernutik irteteko eskatu dio.

"Itxura egiteak ez du balio; garai hauek ekintza zehatzak eskatzen dituzte", esan du.

Ramirezek zalantzan jarri du UPNren "aldebakarreko" erabaki batengatik Nafarroako Gobernua "krisian" sartu izana  —hala diote sozialistek—. "Ohituta gaude PSNren ordezkariak egun batean gauza bat esaten entzutera eta bihar beste gauza bat egiten dutela ikustera".

Sarasolak uste du 132 milioi euroko doikuntza "beste kolpe bat" dela Nafarroako herritarren ekonomiarentzat, eta salatu du gobernuak ez duela oraindik "zertan murriztuko" duen zehaztu.

Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea "desberdintasunen gainetik" neurrien gaineko akordio bat lortzeko itxaropenez agertu da gaur.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.