politika

Bilduko bi kide Legebiltzarreko prentsa aretoan sartu dira, debekua ezarri dieten arren

11:00etarako Udal Legeari buruzko hausnarketa zuten deituta, EAko Juanjo Agirrezabalarekin batera. Arantza Quirogak Urretxuko alkateari eta Amurrioko zinegotziari debekua jarri die goizean, baina arazorik gabe sartu dira.

2012ko maiatzaren 11
15:22
Entzun

Arantza Quiroga Legebiltzarreko presidenteak gaur goizean debekatu egin die Bilduko Amurrioko zinegotzi Mariano Alavari eta Urretxuko alkate Oihane Zabaletari prentsa aretora sartzea, Udal Legeari buruzko hausnarketa egiteko. Hala ere, 11:00etan, prentsaurrekoa iragarrita zegoen orduan, arazorik gabe sartu dira barrura.

Hasiera batean, David Pina Bilduko zinegotziak ere parte hartu behar zuen, baina azkenean ez da joan. Alava eta Zabaleta EAko Juanjo Agirrezabala legebiltzarkidearekin batera sartu dira aretora.

Agerraldiaren aurretik, Agirrezabalak salatu du Quiroga ez dela inor esateko legebiltzarkide batek norekin eman dezakeen prentsaurrekoa, eta "adierazpen eta prentsa askatasuna urratzen" saiatu dela gaineratu du. "Herri borondatearen bi ordezkariei ateak ixten saiatu da", esan du Agirrezabalak.

Bozeramaileen batzordean gaitzespena aurkeztuko duela iragarri du.

Quirogak Agirrezabalari ohartarazi dio baimenik gabe prentsaurrekoa emateagatik zigorra jar dakiokeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.