Duela bi urte, 2011ko maiatzaren 22an, Bilduk irabazi zituen Gipuzkoako foru hauteskundeak, eta, hilabete geroago, Martin Garitano aukeratu zuten Gipuzkoako ahaldun nagusi Batzar Nagusietan. Beraz, laster bi urte beteko dira Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundiaren gidaritza hartu zuenetik. Gipuzkoako Hitza-ri azaldu diotenez, ia alderdi guztiak ados daude testuinguru ekonomiko zaila izan duela foru gobernuak; dena den, bi urte hauetako lanaren balantze desberdina egin dute batzuek eta besteek.
Idoia Ormazabal (Bilduren bozeramailea Batzar Nagusietan)
"Kudeaketa publikoa beste modu batera egin daitekeela erakutsi du Bilduk"
Egoera ekonomiko eta sozialari dagokionez, "bi urte oso zail" izan direla azaldu du Idoia Ormazabalek, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Bilduren bozeramaileak. "Halere, kudeaketa publikoa beste modu batera egin daitekeela erakutsi du Bilduk, herritarrak erdigunean jarrita". Desberdinen arteko akordioak lortzeko gaitasuna dutela uste du Ormazabalek: "Aurrekontuetan, zerga sisteman eta gizarte politikako gaietan ikusi da hori". Ekonomia eta enplegua bultzatzeko batzorde txostengilea ere jarri du adibidetzat. "Alderdi guztien babesa lortu zuen, PPrena izan ezik; baina, gero, PPk ere parte hartu du. Gipuzkoako berrogei eragileri entzun diegu ekonomian eta lan sorkuntzan ezarri beharreko politikei buruz". Izan ere, erakundeen kudeaketa herritarrei ireki behar zaiela pentsatzen du Ormazabalek: "Parte hartzeko bideak jarri, eta kudeaketa garden baterantz urratsak egin behar dira".
Bestalde, uste du "azpiegitura handien ereduari" balazta jarri diotela. "Eredu horrek hondamendira eta xahuketara eramango gintuzke. Ezkerreko politikak ezarri ditugu bai politika sozialean baita zerga sisteman ere; gehien duenak gehien ordain dezan". Etorkizunerako asko dago egiteko, eta abian jarritako ereduarekin jarraituko dute: "Iraunkorra, orekatua eta parte hartzailea".
Markel Olano (EAJren bozeramailea Batzar Nagusietan)
"Gobernatzeko moduan eta arlo ekonomikoan, Bilduren kudeaketa oso txarra izan da"
Bi urtetan Bilduren gobernuak "inposizioaren bidea" hartu duela uste du Markel Olano Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJren bozeramaileak. "Elkarrizketa gutxi izan da, eta, ahal duen neurrian, bere politikak inposatu ditu. Hori nabaritu da batez ere hondakinen kudeaketan. Politika egiteko modu bat da hori: edozein tresna baliagarria da helburu politiko bat lortzeko".
Egungo testuinguru ekonomiko larria ere aipatu du Olanok. "Bilduk ez du inolako ideiarik, proposamenik eta ekimenik; ekimen apurrak oposizioaren eskutik etorri dira, eta hori oso larria da. Hasieratik, ez da inolako plangintzarik jarri mahai gainean, eta horren ondorioa inprobisazioa izan da. Beraz, gobernatzeko moduan eta arlo ekonomikoan kudeaketa oso txarra izan da".
Ikuspegi demokratikotik, herritarren eta erakundeen iritzia errespetatzeko beharra azaldu du Olanok: "Batzar Nagusietan, esaterako, gehiengoa dagoenean errespetatu egin behar da; gutxieneko oinarri demokratikoa da, eta Bilduren gobernuak ez du betetzen. Elkarrizketa eta malgutasun gehiago behar dira gehiengo demokratikoarengana gerturatzeko". Hemendik aurrera ere aldundiaren politikak gertutik jarraituko dituzte: "Gaizki egiten dutenarekin zorrotzak izango gara, eta gure erakarpenak egingo ditugu, erantzukizunez jokatuz".
Rafaela Romero (PSE-EEren eleduna Batzar Nagusietan)
"Bildu jabetu da inposizioa ez dela bidea; gai gatazkatsuetan akordioak lortzea da onena"
Bilduren gobernuak bi urte hauetan egin duena baino gehiago egin zezakeela pentsatzen du Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako PSE-EEren bozeramaileak. "Bi urte pasa ditugu hondakinei buruz eztabaidan, eta orain alferrik jardun garela ikusi dugu; Gipuzkoako gehiengoak akordioa egin dezakegu birziklatze tasari buruz eta hondakinak biltzeko dauden moduei buruz". Errepideen finantzaketarekin gauza bera gertatu dela uste du: "Bidesaria jartzea aztertzen ari zirela esan digute, eta, azkenean, ez da ezer egongo". Alde horretatik, Bildura "arrazoibidea" iristea espero du: "Inoiz ez da berandu asmoa ona bada, eta Bildu jabetu da inposizioa ez dela bide onena Gipuzkoa bezain herrialde plurala gobernatzen denean; gai gatazkatsuetan akordioak lortzea da onena".
Egungo testuinguru politikoa ere aipatu du: "Indarkeriarik gabeko testuinguruan protagonismo handiagoa izan beharko luke Bilduk; beste aldekoengana hurbiltzen saiatu behar luke".
Dena den, lehentasuna egoera ekonomiko larria dela dio. "Horretan denok ados gaude. Langabezia tasa handitzen ari da, eta enpresa txiki eta ertainak itota daude. Hiru helburu nagusi ditugu: familia eta pertsonei laguntzea; lanpostuak sortzea eta enpresa txiki eta ertainei laguntzea; eta, azkenik, lan eremu berriak bilatzea. Hori onartu dugu ekonomia eta enplegua sustatzeko batzorde txostengilean".
Juan Carlos Cano (PPren bozeramailea Batzar Nagusietan)
"Agenda politikotik dena baztertu dute, eta horren aurrean ez dute alternatibarik"
"Eredu sozioekonomiko berri baten izenean, orain arte alderdiek zituzten adostasun guztiekin hautsi dute". Horrela azaldu du Juan Carlos Canok, Gipuzkoako Batzar Nagusietako PPren bozeramaileak. "Dena suntsitu dutela diot, agenda politikotik dena zalantzan jarri edo baztertu egin dutelako. Baina horren aurrean ez dute alternatibarik, eta hori da larriena. Adibide bat jarriko dut: bi urtetan, garapen ekonomikorako foru aurrekontua %70 jaitsi da. Gipuzkoan, foru aurrekontuaren tresna daukagu, eta ez dute erabili etorkizunean inbertitzeko. Hori etorkizunean ordainduko dugu".
Zerga sisteman egin dituzten aldaketak ere gogor kritikatu ditu Canok: "Zerga bilketa Gipuzkoako enpresa txikien gainean ari dira jartzen; Europan hori egin duen lurralde bakarra da. Hazkunderako eta zerbitzu publikoak finantzatzeko bidea dira enpresak; PFEZ, BEZ eta sozietate zergaren bidez". Gipuzkoako etorkizuna jokoan jartzen ari direla uste du: "Ekintzailetzan eta pertsonek arriskuak hartzeko gaitasunean, Gipuzkoan liderrak izan gara, eta orain alor horietan trabak jartzen ari dira". Zerga sistemaz gain, arlo publiko eta pribatuaren arteko kolaboraziorik eza aipatu du: "Gizarte garatuenen arrakastaren giltza da, eta Bilduren gobernuak erabat ezabatu du".
Beste alderdien jarrera ere kritikatu du Canok: "PSE-EEk lagundu dio Bilduri zerga sisteman aldaketa horiek egiten. EAJ, berriz, foru gobernuari erasotzen jardun da, bere interesei begira. Gure lau batzarkideekin, hondar aleak jarriz arazoak konpontzen lagundu nahi dugu".
Maite Sarasua (Aralarren eleduna Batzar Nagusietan)
"Aldundiak ahalegin berezia egin du oposizioko taldeekin elkarlana bideratzeko"
Egun agintean dagoen aldundiari "inoizko legealdirik zailena" egokitu zaiola kontuan hartuta, positibotzat jo du orain arteko jarduna Maite Sarasuak, Aralarrek Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen eledunak. Haren ustetan, "ahalegin berezia egin du oposizioko taldeekin elkarlana bideratzeko", eta nabarmendu du onartu diren foru arau guztiek gutxienez oposizioko bi talderen babesa izan dutela.
Bilduren gobernuak hiru arlotan egindako lana goraipatu du Sarasuak: zerga politikan, gizarte politikan eta bide azpiegituretan. Zerga politikan, EAJko gobernuen politika "atzerakoia" amaitu dela iritzi dio, eta oraindik egin beharreko "gauza asko" dauden arren, norabidea marraztuta dagoela uste du —errentaren gaineko zergaren erreformarekin eta iruzurraren aurkako neurriekin, esaterako—. Sarasuaren arabera, gizarte politikak murrizketatik "blindatu" ditu aldundiak, eta mendekotasunaren esparruan Espainiak ezarritako murrizketei aurre egin die. Bide azpiegituren arloan aldundia 900 milioi euroren zorra ordaintzeko egiten ari den esfortzua nabarmendu du, "herritarrak zigortu gabe", betiere.
Itxaropentsu agertu da Sarasua legealdia amaitu aurretik geratzen den denborarekin: "Oraindik bi urte falta dira, eta normalean azken bi urteak emankorrenak izan ohi dira". Uste du epe horretan enplegua eta garapen ekonomikoa sustatzearen alde egin beharko lukeela gobernuak. Aralarrek bide beretik jarraituko du, orain arteko helburuarekin: "Ezkerreko politikak bultzatzea eta krisia pairatzen ari diren langileen alde egitea".