Hego Euskal Herrian Bilduren esku dauden udalek ere diruz lagunduko dute Lodosa eta Sartagudako ikastola (Nafarroa). Hainbat hautetsik atzo Iruñean egindako agerraldian iragarri zutenez, koalizioa agintean den herrietan matrikulatutako ikasle bakoitzeko euro bana emango diote Ibaialderi.
Egoera ekonomiko larrian da Ibaialde ikastola, «muturreko gabezia ekonomikoan». Elkartasun adierazpen ugari jaso ditu auzolanean oinarritutako egitasmo horrek; kontu korronte bat jarri dute abian, nahi duenak dirua emateko, eta Ikastolen Elkarteak kanpaina bat hasi du, ikasle bakoitzeko euro bateko ekarpena egiteko.
Kanpaina horrekin bat egin du Bilduk. Hautetsien ustez, Nafarroako Gobernuak trabak jartzen dizkio haurrak eta gazteak euskaraz trebatzeari. «Gobernuaren esku egon beharko litzateke lurralde osoan euskarazko irakaskuntza bermatzea, baina, zoritxarrez, ez da hala», adierazi du Juan Luis Illarramendi Zarauzko alkateak (Gipuzkoa). Eremu euskalduneko ikastolen egoera ekonomikoa larria dela berretsi du, eta Yolanda Barcinaren gobernuari leporatu dio «euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidea urratzen duen politika baztertzailea» egitea.
Lodosako ikastolaren alde agertzearekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarduna babestu dute udalek. Diputazioak 24.000 euro eman dizkio egitasmoari, Nafarroan euskaraz bizi nahi duten herritarren laguntza eskaerari «entzungor» egin ezin ziotelakoan, haiei laguntzea «lehentasunezko ardura» dela argudiatuta. Elkartasunak, ordea, kritikak baino ez zituen jaso Barcinaren taldetik: Nafarroako kontuetan «eskua sartzea» egotzi zion exekutiboak aldundiari.
Bilduko udalen erabakia ere salatu du UPNk. Adierazi du «alderdiko interesak» lehenetsi dituztela herritarrenak beharrean.
Bilduren esku dauden udalek diruz lagunduko dute Ibaialde
Koalizioa agintari den herrietan dagoen ikasle bakoitzeko, euro bat jasoko du Lodosako eta Sartagudako ikastolak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu