Bilduren ustez, "alardea normalizatzeko kontrako bidean hartutako erabakia" da Herrizaingo Sailak Hondarribiko Jaizkibel konpainiaren ibilbidea aldatzeko eman duen agindua; debeku hori "eraso bat da emakumeek eta gizonezkoek jaiak berdintasunean ospatzeko duten eskubidearen kontra", koalizioak esan duenez.
Herrizaingo Sailak istiluak saihesteko hartutako erabakia izan dela adierazi du, baina, Bilduren ustez, hori "aitzakia bat" besterik ez da izan. Haren esanetan, Hondarribiko alardearen bilakaera aztertuz gero "inork ezin du ukatu gero eta istilu gutxiago sortu direla azken urteotan".
Bilduk, igorritako oharrean, babes osoa eskaini dio Jaizkibel konpainiari, Herrizaingo Sailak egin duen "eraso hau ikusita". "Oraindik lan asko dago egiteko benetako berdintasuna lortze aldera, eta Bilduk duen kapital politiko eta instituzional guztia horren mesedetan jarriko duela berretsi nahi du", esan dute.