Abenduaren 30a da gaur. Ostirala. Urteko azken ostirala. Eta azken ostiralak bereziak dira Euskal Herriko herrietan, auzoetan. Jendea kalera ateratzen da euskal preso eta iheslarien eskubideak aldarrikatzera. Gasteizen, esate baterako, hiriburuko hiru leku esanguratsutatik, hiru zutabe aterako dira gaur; hiru zutabeak bat egitean elkarretaratze bat egingo dute, eta antzerki baten bidez gogoraraziko dituzte etxean falta direnak. Donostian ekitaldi berezi bat egingo dute, ohikoa baino hunkigarriagoa. Kartelak aldean, Bretxa merkataritza zentroan urteak daramatzaten senideak omenduko dituzte. Larrabetzun ere zerbait ezberdina egingo dute; kandelekin aterako dira kalera, musikarekin, proiekzio bat jarriko dute. Hiru adibide dira. Hiru urrats. Bidea, urratsez urrats egiten delako. Bilduta, bidea egiten delako.
Egin Dezagun Bidea herri ekimena apirilean sortu zen, euskal preso eta iheslarien eskubideen alde; eta, bere bidea egiten ari da geroztik. Ekimenaren leloa argia zen hasieratik: «Euskal presoen senideak eta lagunak ezin ditugu bakarrik utzi». Herritarrek mezua jaso dutela dirudi, jende asko ari baita biltzen herrietan. Egin Dezagun Bideak Euskal Herriko bazterretan sortu dituen herri bilguneak arrakastatsuak ari dira izaten. Ondorioz, herri bakoitzak bere gain hartu du presoen aldeko dinamika. Senideak ez dituzte bakarrik utzi nahi izan. Ekitaldi ugari antolatu dituzte, tartean azken ostiraletan hainbat eragilerekin elkarlanean, presoek bizi duten egoeraren berri eman diote jendarteari, baraualdiak egin dituzte. Eta, batez ere, presoen eskubideak etengabe aldarrikatu dituzte eremu guztietan.
Gasteizen irailean jarri zen martxan Egin Dezagun Bidea. Ekimeneko kide Saioa Zerainek azaldu duenez, espero ez zituzten sektore batzuk gerturatu dira Gasteizko bilguneetara. «Jendea irekiago dago. Presoen arazoa gizarte osoarena dela ulertu dute». Josune Dorronsorok nabaritu du «garai politiko berrian» presoen gaiaz errazago hitz egiten dela Donostian: «Eguneroko lanean betikoak gaude, baina orain pertsona gehiago dago laguntzeko prest». Larrabetzuko Marifeli Etxeandiak horixe nabarmendu du, herritarrek ulertu dutela Egin Dezagun Bidea-ren filosofia zabala: «Presoen gaia gertutik bizi ez zuten pertsonek ere lanerako borondatea erakutsi dute».
Larrabetzun hamabost pertsona elkartu dira herri bilgunean. Ekimenaren aurkezpen bazkaria urrian egin zuten, urteroko elkartasun eguna baliatuz; 100 lagunek hartu zuten parte. Etxeandiak esan digunez, Larrabetzun mugimendua sortu da: «Ikaragarria da. Ostiraletako elkarretaratzeetara jende gehiago etortzen da, presoen aldeko banderatxo gehiago daude etxeetan». Orain arte, urtarrilaren 7an Bilbon egingo den mobilizazioari begira jardun dira Larrabetzun. Baina hurrengo urteari begira, herriko hamabi eragilerekin hitz egin dute jada. Hilabete bakoitzeko azken ostirala antolatzeaz eragile bat arduratuko da: antzerki taldea, bertsolariak...
Donostian egin dituzte ekitaldi berezi batzuk dagoeneko. San Tomas egunean, adibidez, Trinitate plazan gune propioa izan zuen Egin Dezagun Bidea ekimenak. Kontzertuak egin ziren, bertsolariek kantatu zuten. Uda geroztik ekitaldi gehiago ere egin dituzte Donostian. Iraileko azken ostiralean aktoreek hartu zuten parte, zinemaldiaren harira. Azaroan, aldiz, sindikatuak batu ziren aldarrikapenetara; traktoreetan, kamioietan egin zuten bidea.
Gasteizen ere azken ostiraletan talde askok hartu dute parte. Ibon Iparragirre Ondarroako (Bizkaia) presoaren aldeko plataformak, mugimendu feministak, blusek eta neskek. Baina, Zerainek, auzoetan sortu den mugimendua nabarmendu du, batez ere: «Auzo batzuetan bilgune propioa jarri dute martxan, Bilborako autobusak beraien kasa antolatu dituzte».
Hain zuzen, Dorronsoro, Zerain eta Etxeandia ziur daude urtarrilaren 7an Bilbora autobus asko joango direla. Herrietan jendeak eman duen erantzuna ikusita, itxaropentsu daude: «Inoizko mobilizazio jendetsuena izango da. Egin dezagun bidea».
Euskal presoak
Bilduta, bidea egiten
Egin Dezagun Bidea ekimenaren eskutik, euskal preso eta iheslarien aldeko aldarrikapenak ugaltzen ari dira. Hurrengo erronka, urtarrilaren 7an, Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu