Hondarribiko alardean emakumeak soldadu gisa onartzen dituen konpainia bakarrari, Jaizkibeli, hainbat kaletan entseatzea eta desfilatzea debekatu izana salatu du Bilgune Feministak. Herrizaingo Sailak segurtasuna bermatzeko egin duela argudiatu du. Baina arrazoi hori «aitzakia» hutsa» da, Bilgune Feministaren iritziz. «Segurtasuna ez da lortzen indar polizialak ugarituz edo ibilbideak oztopatuz; segurtasuna guztion eskubideak errespetatuz lortzen da. Erabakia onartezina da». Hala, hilaren 8ko desfilean ohiko ibilbidea egitera animatu ditu Jaizkibelgo kideak, eta herritarrak Hondarribira joatera deitu ditu, emakumeen eskubideak defendatzeko.
Asteartean jakin zen Herrizaingo Sailak ebazpen bat kaleratu zuela, abuztuaren 25ean Hondarribiko udaltzain buruak egindako txosten batean oinarrituta.Horren arabera, Jaizkibel konpainiari San Pedro kaletik entseatzea debekatzen zitzaion, eta Gernikako Arbola parke ingurutik desfilatzea. Jaizkibelek bidegabetzat jo zuen erabakia, eta iraganeko «bazterketa eta konfrontaziora» itzuli nahi izatea egotzi zien Herrizaingo Sailari eta Hondarribiko Udalari. Hala, erabakia ez zutela onartuko adierazi zuten, eta helegitea jarri. «Ez dugu utziko arazorik ez dagoen leku batean beldurra sor dezaten; elkarbizitza dagoen lekuan liskarra izatea. Elkarbizitza da gure lehentasuna», adierazi zuten. Bihar 20:00etan dute lehen entsegua, eta ordurako jaso beharko dute helegitearen inguruko erabakia.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresek nabarmendu zuen segurtasun arrazoiengatik eta alardeak «normaltasunez» egin daitezen hartu zutela erabakia. Gainera, azaldu zuen aldaketek ere alarde tradizionalari eragiten ziotela. «Ez dugu iraganeko eztabaidarik hasi nahi, alderantziz baizik. Bi alardeen arteko elkarbizitza sustatu nahi dugu». Herrizaingo Sailaren argibideak jaso ostean, Emakundek ontzat eman zituen Herrizaingo Sailak alardeen ibilbideetan moldaketak egiteko emandako argudioak.
Bilgune Feministak erakundeen jarrera salatu du. «Batez ere EAJren eta PSE-EEren jokabidea kritikatu nahi dugu. Emakumeen eskubideak urratzen jarraitzeaz gain, irtenbidearen alde ez dute ezer egiten. Ulertezina da». Emakunderen jokabidea ere «sinestezina» iruditzen zaie. «Ez dakigu nola onar dezakeen taxu horretako emakumeen eskubideen aurkako urraketarik».
Hala, berretsi du berdintasunaren bidean pausoak eman arren festetan parekidetasuna lortzeko asko dagoela egiteko. «Kultura eta jendartearen beste adierazpen publiko bat dira jaiak; beraz, jendartean eman nahi ditugun aldaketak ere gure herriko festetan isla izan behar dute. Jaietan ere kultura birsortu eta aldatzeko gaitasuna dugu. Guk eraikitakoa guk alda dezakegu».
Aralar ere, kritiko
Aralarrek ere Herrizaingo Sailaren erabakia salatu du, eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuaren, Maria Silvestre Emakundeko zuzendariaren eta Jaizkibel konpainiako ordezkarien agerraldia eskatu du legebiltzarrean.
Aintzane Ezenarro legebiltzarkidearen ustez, erabakia «inposatua» da, eta duen helburu bakarra alardean emakumeak «ikusezin» egitea da.Haren arabera, gainera, segurtasunaren argudioak ezin du jaietan berdintasunean parte hartzeko eskubidearen gainetik egon. Neurria hartzeko unea ere «desegokia» dela ustedu Ezenarrok. «Giroa eta elkarbizitza normaltzen ari ziren».
Hala, hiru aldeen iritziak jaso nahi dituzte. «Aresek ondo azaldu behar ditu debekurako argudioak, Emakundek argitu egin beharko du zergatik onartzen duen erabakia, eta Jaizkibelek bere iritzia eman beharko du».
Bilgune Feministak dio alardearen bidea aldatzeko argudioak «aitzakia» direla
Aresek, Silvestrek eta Jaizkibel konpainiako kideek legebiltzarrean azalpenak emateko eskatu du Aralarrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu