Genero indarkeriak urteko seigarren emakume hildakoa utzi zuen atzo iluntzean Barakaldon, eta bertako Udalak deituta 18:00etatik aurrera elkarretaratze isila egin dute Herriko Plazan 300 bat lagunek hilketa salatzeko. Ordu laurdeneko bilkura izan da.
Ertzaintzak 25 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo bertan, Sestaon, bikotekide ohia labankadaz hiltzea egotzita. 25 urteko emakumezkoa da biktima -Cristina E. B.-. Haren egungo bikotekidea -Aingeru C.G.- larri zauritu zuen ustezko erasotzaileak.
Barakaldoko Udalak gogor gaitzetsi du hilketa, eta epaiketan akusazio partikular gisa aurkeztuko dela jakinarazi du. Datozen egunetarako manifestazioa deituko du, herriko emakumeen elkartearekin batera. "Emakumeen kontrako indarkeriaren aurka azaldu behar dugu berriro", adierazi du Udal Bozeramaile Batzordeak gaur goizean. "Hori bukatzeko gure tresna guztiak erabiliko ditugu".
Eusko Jaurlaritzak atzo arratsaldean ohar bidez jakinarazi zuenez, 19:00ak aldera gertatu zen hilketa. Atxilotua bikotekide ohiaren Barakaldoko etxera joan zen; emakumea gizon batekin zegoen, bere egungo bikotekidearekin. Biei labanaz eraso zien ustez atxilotuak. Zaurien ondorioz, emakumea etxean bertan zendu zen eta honen bikotekidea larri eraman zuten ospitalera. Ertzaintzak ordu gutxira atzeman zuen ustezko hiltzailea.
Atxilotuak biktimarengandik urruntzeko agindua zuen. Izan ere, azaroan haren aurkako salaketa jarri zuen emakumeak, mehatxuengatik.
Genero indarkeriagatik Euskal Herrian 2010ean hildako emakumezkoak
- Elena Cal. 45 urte zituen, eta ustez bikotekide ohiak hil zuen, Tolosan, urtarrilaren 17an.
- Amelia Sanchez. 65 urteko emakumea. Ustez semeak hil zuen, Barakaldon, iragan otsailaren 8an, labankadaka. Bereizi ostean etxera gurasoengana itzulia zen semea.
- Isabel Velez. 48 urteko andrea. Ustez semeak hil zuen, labankadaka, Lasarte-Orian, otsailaren 19an.
- Amelia Amaya. 48 urteko emakumea. Bilboko Txurdinaga auzoan hil zen, uztailaren 25ean. Berehala atxilotu zuten bikotekidea, heriotzarekin lotura izan zezakeelakoan; haren ama eta anaia ere atxilotu zituzten, delitua ezkutatzen saiatzea egotzita.
- 69 urteko emaztea. Irailaren 20an hil zuten, Miarritzen, Frias karrikan. Bikotekide ohiak hil zuen ustez, tiro eginda. Gizonezkoak ondoren bere buruaz beste egin zuen.
- 25 urteko emakume bat. Barakaldon hil zuen atzo ustez bere bikotekide ohiak, labankadaz.
emakumeen aurkako indarkeria
Bilkura isila hilketa salatzeko
Barakaldoko Udalak deituta elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean plazan 300 bat lagunek. Udala epaiketan akusazio partikular gisa aurkeztuko da eta manifestazioa antolatuko du. 25 urteko emakume bat hil zuen atzo iluntzean ustez bikotekide ohiak, labankadaz. Biktimaren egungo bikotekidea larri dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu