Anaia bahitu, torturatu eta hil egin zioten bati, 1983an; aita garondoan tiro bat jota hil zioten besteari, 2001ean. Biek biluztu dute euren burua, hustu dute barrena, jendaurrean azaldu sufrimendua, eta biek helburu bera agertu dute: eurek sufritutakoa, eurek pasatutakoa beste inork berriro ez bizitzea, inork berriro ere indarkeria arerio politikoaren kontra ez erabiltzea. "Etorkizun itxaropentsua eta bizikidetza baketsua" eskatu du Pili Zabalak, GALek hildako Joxi Zabalaren arrebak; "hemen gertatu denaren benetako kontakizuna egitea" Josu Elespek, ETAk 2001ean hildako Froilan Elespe zinegotzi sozialistaren semeak.
Urnietako Sarobe arte eszenikoen gunean elkartu ziren biak, Urnietako Udalak antolatutako Bake eta Bizikidetzako II. Jardunaldien barruan, iragan larunbatean. Urnietako Udala osatzen duten hiru alderdiek —EAJ, EH Bildu eta PSE-EE— bizikidetza programa bat adostu zuten agintaldi hasieran, eta horren emaitza dira jardunaldiok. Sufrimenduetara hurbilduz leloa daramate goiburu, eta horixe egin dute Pili Zabalak eta Josu Elespek, eurek sufritutakoa barrutik atera eta Saroben bildutakoekin partekatu.
Gorrotoa gainditzen
ETAk bere aita hil zuela irratian entzun zuen Elespek. "Ataunen ari nintzen lanean, eta lagun batek deitu zidan aita atentatu batean nahastuta zegoela esateko. Telefonoz ez zidan esan aita hila zenik. Etxekoei deitu eta inork hartzen ez zuela ikusita, kezkatu eta autoa hartu nuen". Hortxe baieztatu ziren haren kezka eta susmoak. Aita hil zioten.
Hilabete lehenago, Martutenen, ETA Iñaki Dubreuil Ordiziako zinegotzi sozialista hiltzen saiatu zen bonba auto batekin —inguruan zeuden bi behargin hil zituen leherketak—; baina Froilan Elespe izan zen ETAk hildako PSE-EEko lehen zinegotzia. "Aurreko atentatu saioak alarma piztu zuen etxean, baina aitak inolako momentutan ez zigun beldur hori helarazi. Guk ez genion inoiz nabaritu. Hil zuten egun berean, ordea, Ertzaintzaren dei bat zegoen etxeko erantzungailuan, bizkartzaina jarriko ziotela esanez".
Ataundik Lasarterako bidaia ez du inoiz ahaztuko Elespek. "Aita hil zutela entzun arren, ez nuen sinistu. Amesgaizto bat zen. Aita hil zuten, baina munduak berdin jarraitzen zuen, eguzkiak berdin berotzen zuen udaberriko eguerdi bero hura, errepidean ibilgailuak zebiltzan berdin-berdin, ezer pasa ez balitz bezala. Nire aita hil zuten, baina bizitzak aurrera segitzen zuen. Lasartera iritsi nintzenean ohartu nintzen baietz, egia zela, aita hila zela".
Ertzainek ez zioten utzi aita hil zuten tabernara sartzen, eta orain eskertu egiten duela dio Elespek. Izan ere, aitaren hilketak barrua gorrotoz bete ziola aitortzen du, egun horietan, eta ostean ere bai, babes handia sentitu izan duten arren. "Minari eta ulertu ezinari gorroto oso handia gehitu behar zaio. Gorrotoa ETAri, eta ETA babestu, ulertu, justifikatu, onartu eta toleratzen zuen orori".
Gorroto horren ondorioz, "oso urte latzak" igaro zituen Elespek. Baina, gorrotoak min handiena berari egiten ziola ohartuta, helburu bat jarri zion bere buruari. "Aita hil aurretik nintzena izatera itzuli nahi nuen. Gorrotatzeari utzi nahi nion, eta horrek nire sentimenduekin barne borroka handia izatera eraman ninduen. Baina azkenean lortzen da, eta gaur esan dezaket, argi eta garbi, eta zintzotzasun osoz, ez ditudala aita hil zutenak gorroto, ez eta haiek babestu eta onartu dituzten enparauak ere". Hori esan ahal izatea "garaipentzat" du.
Gorrotoa gainditzeko bidea norberak egin behar duela eta bakoitzak bere mekanismoak dituela uste du Elespek, eta denek balio dutela. Haren kasuan, bestalde, hasiera-hasieratik hartutako erabakia izan zen biktima elkarteetan ez sartzea. "Errespetu osoz" hitz egiten du horiei buruz, baina uste du "politizatuta" daudela eta PPk baliatu egin dituela. "Nire ustez, gaur egungo biktima elkarteek biktimizazioa bultzatzen dute, eta ez dute uzten biktimizazio horretatik ateratzen".
Gertatutakoa ez dela inoiz ahazten baina horrekin bizitzen ikasten dela uste du Elespek. "Hainbat arlotan, gertatutakoari buruzko irakurketa positiboa egiten dut, eta uste dut orain pertsona hobea naizela". Lehen baino gehiago baloratzen ditu gauzak; "eta behin gorrotoa gaindituta, etorkizuneko bizikidetzaren aldeko ekarpena egiteko gogoa da gelditzen zaidana".
Sufrimenduaren kontakizuna egitea ezinbestekoa iruditzen zaio, eta hainbat esperientziatan parte hartu du Elespek norabide horretan. Horietako bat ikastetxeetan, nerabeen aurrean, bere esperientzia kontatzea izan da, Adi-adian programaren barruan. "Esperientzia gogorra da, bortitza, baina aldi berean oso aberasgarria eta hunkigarria".
Beste esperientzia "are gogorragoa" dela dio. Izan ere, Euskal Preso Politikoen Kolektibotik kanpo dauden eta ETArekin kritikoak diren Zaballako bi presorekin elkartu da, batarekin espetxean eta bestearekin espetxetik kanpo, baimen bat aprobetxatuta. "Pertsona bati, hiltzaile bati, aurrez aurre entzutea hil egin duela, baina damutzen dela, autokritika zintzoa egiten duela, egin duena gaizki dagoela, inor hiltzea gaizki dagoela, hildakoa edozein dela ere... Horrek asko laguntzen du, barrua betetzen dizu".
Orain bizikidetzaz hitz egin nahi duela dio Elespek, horretan sinisten duela, eta itxaropentsu dela. Pausoak eman behar direla uste du, eta, indarkeria oro arbuiagarria denez, horretan ez dagoela ñabardurarik. Gauza bera giza eskubideekin; giza eskubide guzti-guztiak errespetatu behar direla dio Elespek, "baita giza eskubideak errespetatu ez dituztenen giza eskubideak ere". Hala, euskal presoak hurbiltzearen aldekoa da. "Ez da oraingoa, beti pentsatu izan dut hori. Eta uste dut presoei eman behar zaien tratamendua gainerakoei ematen zaien bera dela; espetxe onura berberak izatea, gaixo daudenak kaleratzea eta, noski, zigorra etxetik hurbil bete ahal izatea. Azkenean, niri berdin dit zigorra non betetzen duen, Cadizen edo Martutenen, eta senideek ez dute zertan hamalau orduko bidaia bat egin autobusean, eurek inolako errurik izan gabe".
Egungo egoeran "atzera bueltarik" ez du ikusten Elespek, gizarteak ez lukeelako ulertuko, eta ETAk berriro armak hartuko balitu ezker abertzalearen "hondoratze erabatekoa" ekarriko lukeelako. "Ziur nago etortzear dagoen guztia hobea izango dela, baina ona da gertatutakoa gogoratzea, nire istorioa oroitzea, Pilirena, ezberdina izan arren ondorio berberak izan baitira gu biontzat: mina, sufrimendua...".
"Ni ez naute biktimatzat"
Pili Zabalak urte asko egin ditu anaiaren bahiketa eta hilketari buruz hitz egin gabe, baina momentu batean jarrera hori baztertzea erabaki zuen. "Nahiz eta nik beti pentsatu dudan bi aldeak zeudela gaizki, behin eta berriro ikustea sufrimenduaren alde bakarra hartzen zela kontuan, soilik indarkeria mota bat ikusarazten zela, niretzat gogorra zen. Ez. Hemen indarkeria mota asko egon da, eta denak arbuiatu behar dira. Ez bagara puntu horretara iristen, ez dago etorkizun baketsu bat eraikitzerik. Eta horregatik nago hemen, nik bizi izandakoa zuei adierazten". Garrantzitsua iruditzen zaio sufrimenduari buruz hitz egitea eta biktimek euren esperientzia partekatzea. "Ni hemen Josurekin baldin banago, helburu bat daukagulako nago: gure herria maite dugu, eta seme-alabak herri baketsu eta zoriontsu batean bizitzea nahi dugu".
1981eko azaroaren 6an Espainiako Polizia anaiaren bila etxera joandako eguna oroituz hasi du hitzaldia Zabalak. "Banketxe batean lapurretan egiten saiatu zirela esan ziguten, eta, noski, gu, kristau balioetan hezitakoak izanik... kristau batentzat ezin da lapurretan egin, eta are gutxiago inor hil. Orduan hasi ziren niretzat dilema etikoak".
Egun horretan hasi zen anaiaren errefuxiatu bizimodua ere; eta 1983ko urriaren 16ko gauean amaitu zen, modu bortitzean. "21 urte zituen, eta, gau batean, desagertu egin zen, desagerrarazi egin zuten. Oso gogorra da. Gure etxean, egun horretan, tristura sartu zen leihotik, eta ilusioa irten zen atetik".
Urte askotako sufrimendua izan zen zabalatarrentzat, hilda zegoela pentsatu arren horren baieztapenik ez baitzuten izan 1995ean Alacanten agertutako bi gorpu Joxean Lasa eta Joxi Zabalarenak zirela jakin zen arte.
Aldi berean, torturaren gaineko datu oso gordinak ere ezagutu ziren. Baina Zabalarentzat "zorionekoa" izan zen gorpuak agertzea. "Beti da hobea egia jakitea, ezjakintasuna baino. Ezjakintasunean zaudenean, mamuak besterik ez duzu buruan. Egia dakizunean, gordina izan arren, mamuak desegiten hasten dira, eta aukera ematen dizu bide eraikitzaileago bat abiatzeko".
Urte horietan guztietan bizi izandako "latzena" babes falta izan zela aitortu du Zabalak, ezker abertzaleak bakarrik babestu zituela, inoiz ez zituztela erakundeak alboan izan. Hori gutxi ez, eta anaia lurperatzeko unean, Ertzaintza Tolosako hilerrian bildutakoei oldartu zitzaien. "Gu gaizki tratatuak izan gara alde guztietatik; bai guardia zibilek, bai Espainiako poliziek, bai ertzainek. Baina kanposantukoa... inork merezi al du horrelako tratu bat?".
Anaia hil zutenak epaitu zituzten gero, eta Intxaurrondoko erantzule eta guardia zibilen zigorra iritsi zen. "76 urteko zigorra jarri zieten Galindori eta Elgorriagari, eta zigor handiak besteei ere. Non daude orain? Denak kalean. Gizarteratuta al daude? Damutu al dira? Aitortu al dute egindakoa? Zergatik daude kalean? Hau al da Espainiako zuzenbide estatua?".
Legearen babesik ere ez dute sentitu, beraz. "Terrorismoaren Biktimen Babes Integralerako Legearentzat eta egungo Barne Ministerioarentzat ni ez naiz biktima. Noski, legeak ez du estatu terrorismoa jasotzen, eta guri lege horretan agertzen diren lau printzipioak ukatzen zaizkigu: memoria, egia, berdintasuna eta justizia ukatu egiten zaizkigu". Baina sufrimenduaz hitz egitean, alde batekoek zein bestekoek "min bera" sufritu dutela argi du Zabalak, eta hori onartzea eta giza eskubideen urraketa guztiak mahai gainean jartzea "derrigorrezko" ikusten du.
Aipatutako lau balioak biktima guztiei aitortzea ezinbesteko jo du Zabalak, etorkizun baketsua eraiki nahi bada, baina horretarako "politikari eta legelari zintzo eta ausartak" behar direla deritzo, "bestela iragana errepikatzeko arriskua izango baita".
Bai Pili Zabalak, bai Josu Elespek egia, justizia, aitorpena eta memoria aldarrikatu dute Urnietan, gertatutakoak jaso, sufrimendua aitortu eta berriro ez errepikatzeko konpromisoa berrestea. Horretan, eta Euskal Herrian bakea eta bizikidetza eraikitzeko bidean euren ekarpena egiteko prest agertu dira bi-biak. Aletxo bat jarri dute Urnietan, salbuespena dirudien pausoa, baina orokorra izatea xede duena: "Josu eta biok asmo horrekin gaude hemen, eta espero dugu gero eta jende gehiago egotea gurekin. Izan ere, herri honek merezi du, eta gure seme-alabek behar dute".