Politika

Bira bat egingo dute Nafarroan, Altsasuko auzia salatuz

Epaiketaren ateetan, Nafarroa osora zabaldu nahi dute salaketa Altsasuko hainbat herritarrek. Informazioa zabalduko dute, herriz herri.

Altsasun prentsaurrekoa eman dute gaur, bira iragartzeko. @ENTZUNALTSASU
2018ko otsailaren 3a
20:22
Entzun

Altsasuko hainbat eragile eta kolektibok hartuko dute parte biran, herriko zortzi gazteren kontra irekita dagoen auzia eta egingo duten epaiketa salatzeko. Otsailaren 24tik martxoaren 25era egingo dute, apirilaren 14an manifestazioa egingo dute Iruñean, eta 16an epaiketa hasiko da, Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Bost asteburutan egingo dute bira, bost zonaldetara joanez.

"Justiziaren erabilera bihurria" egin da Altsasuko auzian, gaurko prentsaurrekoan salatu dutenez. Eta erabilera hori egin ez balitz, "zortzi familiaren sufrimendua" bestelakoa izango zatekeela oharatarazi dute. Jaietan taberna batean izandako istiluarengatik, 2016ko azarotik preso daude Adur Ramirez de Alda, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanz, eta fiskalak 375 urteko zigorrak eskatu ditu zortzi auzipetuentzat.

Auziaren kontrako jarrera azaldu izan dute hainbat juristek, eta baita politikariek eta instituzioek ere. Hori guztia herriz herri azaltzea, eta auziaren "zentzugabetasuna" salatzea izango da helburu nagusia. Sentsibilizatu egin nahi dute Nafarroako gizartea, "oinarri demokratikoen eta giza eskubideen defentsan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.