Oro har, lasaia izan da Aste Santuko oporraldiko lehen eguna Euskal Herriko errepideetan. Hala ere, auto ilara luzeak izan ziren atzo arratsaldera arte A-8 autobidean, Biriatuko ordainlekuan (Lapurdi). Goizean, hamabi kilometro luze izan ziren. Zarautzen ere (Gipuzkoa), tarteka pilatu ziren autoak ordainlekuan.A-63 autobidean ere, arazoak izan ziren. Landetarako (Frantzia) norabidean auto ilarak sortu ziren goizetik, tarteka zortzi kilometrokoak ere bai. Baiona hegoaldeko irteerako ordainlekuan hasi eta Donibane Lohizuneraino (Lapurdi) iritsi ziren pilatutako ibilgailuen ilarak. A-8 autobidean, Bizkaian, bide itzulgarria martxan jarri zuten Kantabriarako (Espainia) norabidean. 10:00etatik 14:00etara egon zen zabalik. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera, ia 4.000 ibilgailuk erabili zuten. Barakaldo (Bizkaia) inguruan auto ilara txikiak sortu ziren tarteka,baina eguerdirako dena lasai zegoen. A-68an ez zen aparteko arazorik sortu. Nafarroan ere, lasai joan zen eguna. Hala ere, 103 salaketa jarri zituzten foruzainek azkarregi gidatzeagatik.
Istripuei dagokienez, Barakaldon hiru autok elkar jo zuten, 12:30 inguruan. Hiru lagun zauritu ziren, eta ospitalera eraman zituzten, baina kolpe arinak baino ez zituzten.
Biriatun eta Baionan, auto ilarak izan dira oporraldi hasierarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu