Gonbidatu gisa idazten dut, sarritan deitu izan baitidate Euskal Herrira hango hainbat pertsona zintzorekin eta Espainiako eskualde eder horretan bake justu eta iraunkor bat lortu nahian dabiltzan zenbait talderekin elkartzera. Nire bisitaldietako bakoitzean gero eta argiago jabetu naiz paralelotasun asko daudela zuen herrialdeko egoeraren eta Ipar Irlandaren oraindik oraingo historiaren artean. Horregatik guztiagatik, izugarri adoretu nintzen albistea jakin berritan, alegia, ETAren armen konfiskatze erabatekoranzko lehenbiziko urrats hain desiratuari buruzkoa. Zoritxarrez, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren erantzun erdeinuzkoa irakurri ahala, gutxi iraun zidan bozkarioak, eta kezka sentimendu sakon batek hartu ninduen berehala, baita etsiak ere. Euskal eskualdeko bake prozesuaren etorkizunari buruzko kezka sakona, berriz, areagotu egin zitzaidan, nazioarteko egiaztatzaileak deklaratzera deitu zituztela irakurritakoan. Batez ere, haien artean bazelako bat, Chris McCabe, Ipar Irlandako funtzionario publiko erretiratua eta oso errespetatua, —Ipar Irlandako Ministerio mailarik goreneko arduradunetako bat izaki— Ipar Irlandako bake prozesuan soin eta muin parte hartu zuena, oraintxeko gure egoerarainoko ibilbidean. Zorionez, Espainiako auzitegi batean auzitan-edo jarri badituzte ere, aske utzi dituzte McCabe eta haren kideak. Baina gorabehera horrek eta Barne ministroaren erantzunak ez zuten lagunduko, inondik inora ere, euskal herritarren eta independentisten oposizio etenik gabea baretzen, gobernuak Madrilen izandako jarrera dela eta. Ipar Irlandan bezala, ezinago argi jabetu beharra daukagu ez atzera ez aurrera geratzeak zer eragin izan dezakeen belaunaldi gazteenengan, potentzialki beste gatazka batzuetara eraman baititzake.
Hasieran, neu ere harritu ninduen, eta etsiak hartu, «erabileraz kanpo» utzitako arma eta munizio kopuru hain txikiak. Hala ere, zuen Gobernuari «antzerki keinu» bat irudi dakiokeen hori lehenbiziko urrats handi bat izango zen ETAren moduko erakunde militar batentzat. Edozein bidaiatan, lehenbiziko urratsak izan ohi dira garrantzitsuenak, eta, batzuetan, baita egiten zailenak ere. ETAren zuzendaritzakoei, ikusirik ez dizkietela aintzat hartzen lehenbiziko urratsak, askoz ere zailagoa gertatuko zaie benetan —sinetsita nago— egin nahi duten horixe egitea, alegia, beren arma guztiak konfiskatzea modu erabateko eta egiaztagarrian. Edozein keinu positibori —su-etena edo dena delakoa izan— erantzun positiboa eman behar zaio; irakaspen funtsezko horixe ikasi genuen Ipar Irlandan izandako eskarmentuan.
Edozein gatazka edo liskar konpontzeko orduan, «elkarrekikotasun» irizpide bat izan ohi da. Eta ez bazaio horri ekiten prozesuaren lehenbiziko etapetan, ahuldu egiten da, porrot egiteraino. Samurrago esanda, halako keinu bat eta ETAk etorkizunean har lezakeen beste edozein onartzeko arrisku politikoari esker, askoz ere errazagoa izango da zuek eta mundu osoko irizpide oneko pertsona guztiek irrikaz desio dutena. Beraz, zuen herrialdeko —Ipar irlandako eta beste hainbat tokitako— egoeraren inguruko behatzaile ongi informatua naizenez, arren eskatzen dizuet erantzuteko lehenbiziko urrats txiki horri eta ganoraz betetzeko haien eskabideak, hala nola presoen tratuari eta aberriratzeari dagozkienak. Onena izango litzateke ETA eta/edo haien ordezkari independenteekin hitz eginez eta giza eskubideen Europako irizpideen arabera betetzea. Hartara, auzo europarren babesa eta errespetua bereganatuko bailukete.
Horretan guztian, ezin hobeto dakit jakin, ETAren indarkeriaren biktimen kaltea eta oinazea dago. Entzun egin behar dira haien ahotsak. Nik hauxe baino ez dizuet esango: gure konfiskatze prozesua egiaztatzen ari ginela, ezinago presente nituen gure gatazkako biktima guztiak. Alec Reid aitaren eta nire irudiko, helburu nagusi bat zuen ekintza hark: ziurtatzea aurrerantzean ez zela beste biktimarik izango.
Modu demokratikoan hautaturiko gobernua izaki, ulertuko dute ETAk ere bere «oinarriak» dituela eta horiek konbentzitu beharra dagoela haientzat hurrengo urrats ausarta izango dena egin dezaten. Azken batean, garrantzitsuena da gatazkako alderdi guztiak prest egotea moralki zuzena dena eta aldeztu daitekeena egitera. Nirekiko, horixe da Hegoafrikako ministro ohi F. W. De Klerkengandik ikasi nuen gauzarik garrantzitsuena, zeinak esan baitzigun uzkur ekin ziola bidaia hari. Guretzat, huraxe izan zen Ipar irlandako gure prozesurako eredua. Zuzen zegoena egitea, politikoki komenigarria zenaz bestera. Arren eskatzen dizuet, ETAri eskatzen diodan bezala, hori aintzat hartzeko zuen gatazkari konponbide bat emateko orduan.
Guri dagokigunez, ia berrogei urteko gatazka konpongabe horrek behar baino berrogei urte gehiagoan iraun du. Arrazoi onak ditut pentsatzeko zuei konfiskatze ekintza garrantzigabe bat begitantzen zaizuen hori asmo batzuen adierazpen ezinago sinbolikoa dela. Halakotzat har dezazuen eskatzen dizuet hertsatuki. Ezin hobeto dakit jakin eskatzen ari natzaizuen horrek arrisku politiko bat ekar diezaiokeela behar bezala hautaturiko gobernu bati. Litekeena da kamusada eta etsipen andana jasatea, ekinaldiak eta geldialdiak egotea, alderdi batetik zein bestetik. Halakoxe arriskuak hartu beharra dago. Baina hala ez egiteko arriskua, beharbada, askoz ere handiagoa da erantzun positibo baina zuhur bat ematekoa baino.
Eta ezinago garrantzitsua da, batez ere, ez hartzea errenditzetzat "hitz egitea". Edozein gatazkatan, etxeko liskarretan edo borroka politikotan, elkarrizketa baino ez da alternatiba.
Ulermenez eta zintzotasunez.
Harold Good apaiza, OBE Britainiar Inperioaren Ordenako ofiziala, IRAren armen konfiskatzea egiaztatu zutenetako bat da.
(Erredakzioan itzulia)