Iritzia. Patxi Baztarrika: Jean Haritschelhar, euskaltzale oparoa

2013ko irailaren 2a
11:36
Entzun

Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea

Denbora lehen uneko samina leuntzen hasten denean hasiko gara euskaltzaleok, ziurrenik, Jean Haritschelhar zendu berriaren galeraren neurriaz bere osotasunean jabetzen. Izan ere, gizon jantziaren oparotasuna eta estilo ireki, liberal eta integratzailea dira joan berri zaigun euskaltzalearen biziaren eta lanaren ezaugarri behinenak. Eta horiekin batera, eskuzabaltasuna, ahalegin eta langintza orotan gidari zuena.

Zaila gertatzen da Haritschelharren izaera eta jardunaren alderdi bakar bat aukeratzen. Izan ere, aski genuke bere biografia lipar batez begiratzea aukeraketan etsi eta askotariko konpromisoa Haritschelharren bertute nagusitzat hartzeko. Nolanahi ere, euskaltzale eta, oro har, euskal herritar guztiok azpimarra berezi batez nabarmendu behar dugu hamabost urtez (1989-2004) euskaltzainburu eta, lehenago, hogeita bi urtez euskaltzainburuorde (1966-88) izan denaren euskararekin loturiko ibilbidea. Ez dugu zalantzaren itzalik izango, beraz, honako hau lau haizeetara aldarrikatzeko: gaur ezagutzen dugun Euskaltzaindia modernoaren garairik oparoenetan lider, gidari eta langile oparoa izan zen Jean Haritschelhar. Are gehiago: garai oparo horietara iristeko Euskaltzaindiak egin behar zuen jauzi kualitatiboa aurreikusi eta ahalbidetu zuen aitzindaria izan zen.

Zuzenekoa eta estua izan zuen lotura, adibidez, euskara batua sortzeko prozesu eta lanekin, eta, loturaz gain, baita gidaritza eta goreneko ardura ere Euskaltzaindiak bere historia modernoan gauzatu eta abiarazi dituen egitasmo nagusietan, hala nola hiztegigintza, onomastika edo gramatikaren alorretako egitasmoak, inola ere ahaztu gabe Euskaltzaindiaren beraren antolamenduarekin loturikoak. Baina, ororen gain, Euskaltzaindia eta euskara bera modernitatearen arora eramateko ahalegina izan da Haritschelharren ibilbidea betiko markatuko duen ezaugarria. Aparteko garrantzia duen lorpena da hori, bere dimentsio intelektual eta politikoari eta bere estiloari oso lotua. Irekitasunak eta liberaltasunak markatu dute, sakon, Haritschelharren bizi eta lan estiloa. Horrela bideratu zuen Euskaltzaindia, zorroztasuna eta malgutasuna era egokian nahastuz, funtsezko instituzio horrek gizarte barruan eta sare instituzionaletan ere bete behar duen leku propiorantz, begirune eta leialtasun instituzionala ikur hartuta.

Era berean, eta Euskaltzaindia eta unibertsitatea elkarrekin aritzearen aparteko garrantziaz jakitun, aitzindaria izan zen Euskaltzaindiak beharrezkoa duen unibertsitatearekiko harreman sarea sortzen.

Iparraldean eta Frantziako eremuan gauzatu zuen jardun eta inplikazio politikoak (bederatzi urtez izan zen Baigorri bere herriko alkate, 1971etik 1980ra hain zuzen) lanabes garrantzitsua eskaini zion, noski, artean Hegoaldean ezagutzen ez ziren, edo oraindik behar bezala errotu gabe zeuden, praktika demokratikoak ezartzerakoan. Bere dimentsio politikoak ere, oro har, badu beraz zerikusirik Haritschelhar Euskaltzaindiaren garai oparoaren eta jardun eragingarriaren sinbolo bihurtzearekin. Hori baita, ororen buru, galdu berri dugun Jean Haritschelhar: Euskaltzaindia modernoaren eta aldi oparo, bidegile eta emankor baten sinboloa.

Esker onez agurtzen dugu gaur, beraz, maisu zendua, horrenbestez geure buruari harenganako omenezko eginkizun bat ezartzearekin batera: geuregana ditzagun euskaltzaleok Jean Haritschelharrek oinordetzan utzitako zintzotasuna, eta ahalegin gaitezen haren oparotasunaren eta estiloaren bidetik ahalik eta urrutien iristen. Euskarak eta euskal gizarteak eskertuko digute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.