HONDAKINAK

Birziklatu ezin diren hondakinak Portlanden erraustea onartu du Nafarroako Gobernuak

Enpresak Olatzagutian duen lantegian zaborrak erretzea baimentzen duen Udalez Gaindiko Plan Sektoriala behin betiko onartu du gaur gobernuak.

2013ko urtarrilaren 16a
16:44
Entzun

Plan sektorialak aurrera eginda, hondakin ez-birziklagarriak jaso, bildu eta dositzeko beharrezko azpiegiturak eraikitzea onartu du Nafarroako Gobernuak. Uste du proiektua "bideragarria" dela ingurumenari dagokionez, eta gaineratu du "helburu estrategikoa" plantaren "iraunkortasunari laguntzea" dela. Ekoizpen kostuak murriztuta, energia aurreztuta eta erregai fosilen kontsumoa gutxituta egin nahi du gobernuak planta bideragarri.

Portland Valderribas enpresak hondakinak erretzeko baimena eskatu zion Yolanda Barcinak zuzentzen duen gobernuari, eta urte erdi eman du gobernuak eskaera onartzeko urratsak egiten. Gaurkoarekin, "konpromisoa betetzat" jo du gobernuak, Juan Luis Sanchez de Muniain Nafarroako Gobernuko presidenteorde eta bozeramaileak jakinarazi duenez. Sanchez de Muniainek azaldu du gaur onartutako neurriaren bidez Portlandeko beharginen lanpostuei eutsi ahal izango zaiela.

Gaur onartutako plan sektorialak barne hartzen du plantak hondakinak erretzeko behar duen ingurumen baimena. Lanak hasteko, enpresak aurkeztuko duen proiektuari oniritzia eman beharko dio gobernuak. Plan sektorialaren berri emateko epean 36 helegite aurkeztu dizkiete proiektuari, baina guztiak bota ditu atzera gobernuak. Besteak beste, Olatzagutiko Udalak, Ezkerrak, Sakanako Mankomunitateak eta Sustrai Erakuntzak jarri zituzten helegiteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.