«Europako zaborren araudiari gehien lotzen zaion bilketa sistema» da atez atekoa, Ignasi Puig ingeniariaren esanetan (Vilanova i la Geltru, Herrialde Katalanak, 1973). Erraustearen Aurkako Koordinakundeak eta Eguzkik gonbidatuta, Gipuzkoan da egunotan, hitzaldiak ematen.
Nola ikusten duzue Kataluniatik zaborren kudeaketaren inguruan Gipuzkoan dagoen eztabaida?
Interes handiarekin. Gehien harritu gaituena eztabaida horren sutsua izatea da. Katalunian, gaikako hondakinen bilketa zabaltzen hasi zenean, izan ziren polemikak, baina askoz ikuspegi teknikoagotik. Gainera, askoz eztabaida bareagoa izan zen. Nik uste horretan garrantzi handia izan duela Atez Ateko Bilketaren Aldeko Udalerrien Mankomunitateak. Izan ere, bermatu da alderdi guztiak han ordezkatuak egotea. Horrek sinesgarritasuna eta gardentasuna eman dio prozesuari.
Europako Batasunak ohartarazi du hondakinen kudeaketa egoki batek balio ekonomiko handia duela , eta berrerabiltzearen eta birziklatzearen alde egin du. Zer iruditzen zaizu?
Argi dago lehengaiak gero eta urriagoak direla. Horrenbestez, garestitu egin dira. Beraz, ingurumenaren ikuspegitik ez ezik, ekonomikoki ere zentzugabea da horiek erretzea edo zabortegira botatzea. Europako Batasuneko hogei herrialdek zergak ezarri dituzte praktika horientzat. Azken batean, hori bat dator Bruselak zaborren kudeaketaren inguruan ezarrita duen hierarkiarekin. Prebentzioa, birziklatzea eta berrerabiltzea da ardatza. Oraindik, ordea, datuek erakusten dute hierarkia hori ez dela betetzen. Gaikako bilketa maila oso apala da gaur egun. Gehiena erre egiten da, edo zabortegira bota. Diru gehiena errefusa tratatzeko erabiltzen da. Errausteak eta zabortegira botatzeak hipotekatu egiten ditu prebentzioan edo gaikako bilketan egin daitezkeen urratsak.
Ikuspegi ekonomikotik, gaikako bilketa eraginkorragoa da, hortaz?
Bai. Lanpostuei erreparatuz gero, adibidez, egin ditugun ikerketan arabera, gaika tratatzen den hondakin tona bakoitzeko 10-35 aldiz lanpostu gehiago sortzen dira frakzioaren arabera, erreta baino. Gainera, errauste planta bat askoz garestiagoa da, gaikako bilketak eskatzen dituen azpiegiturak baino. Konpostatzea askoz sinpleagoa da, gehiena naturak egiten baitu.
Aurka daudenek diote bilketa behintzat garestiagoa dela.
Orohar, bai, baina, esan bezala, tratamendua askoz merkeagoa da. Horrekin batera, zergak ezarriko balira zabortegira botatzeagatik eta erretzeagatik, gehiago merkatuko litzateke dena. Tratamendu horiek eragiten duten kostu soziala eta ekonomikoa murriztuko litzateke.
Katalunian nola hartu dute herritarrek atez ateko sistema?
Argi dago aldaketa nabarmen bat dela eguneroko ohituretan. Baina egiten hasi eta gutxira konturatzen dira erraza eta erosoa dela. Horrenbestez, jendeak gero eta gehiago onartzen du. Sozialki oso onartua dago birziklatzea, eta gaikako bilketarekin egiten dena da erraztasunak eman hori egiteko. Katalunian gero eta gehiago dira atez ateko sistemarekin bat egiten ari diren udalerriak.
Gipuzkoan 34 udalerrik egingo dute bat datorren urtean. Errauste planta geratzea ekarriko duela uste duzu?
Hori erantzuteko hobeto ezagutu beharko nuke hemengo errealitatea, baina hainbat tokitan lortu da atez atekoari esker errauste plantak geratzea. Atez atekoa da Europako araudiari gehien lotzen zaion sistema.
Zein iruditzen zaizu bosgarren edukiontzia?
Nahiago dut edukiontzi hori egotea, ezer ez baino. Katalunian 1993an hasi ginen zabor organikoa gaika biltzen, eta 1999an legez arautu zen. Udalerrien %70etik gora egiten dute: 700 inguruk. Horietatik ehunek egiten dute atez atezkoaren bidez, eta gainontzekoek bosgarren edukiontziarekin. Atez ate egiten dutenek %70 birziklatzen dute, eta besteek %40.
Etorkizunari begira zer?
Prebentzioari askoz arreta gehiago jarri behar diogula. Izan ere, hondakinen sorrera gutxitu bada, krisiagatik izan da, ez prebentzioa sustatu delako.
Ignasi Puig. Ingeniaria eta atez atekoan aditua
«Birziklatzeak 10-35 aldiz lanpostu gehiago sortzen ditu errausteak baino»
Hondakinak ondo kudeatzearen garrantzia defendatu du Ingasi Puig ingeniariak. Hondakinak atez ate biltzearen alde egin du, «zentzugabea» iruditzen baitzaio lehengaiak erretzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu