BERRIAren webguneak bisita kopuruen datu ikusgarriak izan zituen igandean, Gure Esku Dago-ren giza katearen egunean, eta atzo ere milaka pertsona sartu ziren igandeko mobilizazioarekin loturiko testu eta bestelako baliabideak kontsultatzeko. Webguneari dagokionez, historian —2005etik, datuak biltzen hasi zenetik— bisita gehien izan duen egunen artean hirugarrena da herenegungoa; 2011ko udal eta foru hauteskundeen biharamunaren eta EPPKren bitartekarien urtarrilaren 8ko atxiloketen harira egunean bertan jasotako bisita kopuruen atzetik.
Denera, 36.461 bisita jaso zituen, 24.791 erabiltzailerenak. Azpimarratzekoa da BERRIAk osatutako mapa interaktiboak atzo arratsaldera arte 32.000tik gora ikustaldi jaso zituela —astean argazkiak jasotzen segituko du—. Airetik jasotako irudiekin osatutako bideoak ere arrakasta handia izan du: 8.000tik gora ikustaldi.
[YouTube]http://youtu.be/4t4p_kyvUvk[/YouTube]
Twitterren ere BERRIAk mobilizazioari buruz zabaldutako txioen mugimendu handia egon da azken egunetan eta, bereziki, herenegun. 115 txio sortu zituen egunean bertan, eta 969 birtxio jaso. Aipatzekoa da, gainera, BERRIAk atzo Twitterreko bere kontuan jarri zuen Guardiolaren argazkiak —Gure Esku Dago-ren kartela eskuan duela— 300 bertxio baino gehiago jaso dituela 24 orduan baino gutxiagoan. Facebooken, berriz, 630 alditan baino gehiagotan elkarbanatu dute, eta modu horretan 60.000 erabiltzailerengana iritsi da.
Pep Guardiola atzo Berlinen @GureEskuDago-ren kartelarekin http://t.co/Iu2ZwOHoav#GureEskuDago#BasquesDecidepic.twitter.com/EtCtm6kGLU
— Berria.info (@berria) June 9, 2014
Era berean, igande arratsaldean, 15.000 aleko doako papereko edizio berezia kaleratu zuen, gaurko kazetarekin batera banatu den gehigarria, hain zuzen ere.
Eguneko albistea
Mobilizazioaren espirituari jarraiki, herri ekinbideko 23 komunikabidek —tartean BERRIA— elkarlanean eginiko lan eskergak, ordainetan, milaka herritarren babesa jaso zuen. Giza katearen aurretik, eta ondoren ere bai, saio berezi baten bidez eman zuten mobilizazioaren berri, irratietan eta webguneetan streaming bidez: uneoro 500 ikusle baino gehiago izan zituen Interneten, eta, guztira, 3.000 inguru. Gauean, berriz, ordubeteko telebista saio bat eman zuten, egunak emandakoa laburbilduz.
Hainbat datuk erakusten dute mobilizazioak izan duen oihartzuna. Twitter sare sozialean, adibidez, erabilitako traolak nagusi izan ziren twitterlari euskaldunen artean, Umapen arabera —atzo ere hala jarraitzen zuen—. Halaber, Espainiako Estatuko nagusien artean egon ziren etiketa horiek, eta une batzuetan lehen postuan —estatuka neurtzen da—.