Beteta. Halaxe daude egunotan Hego Euskal Herriko hotel, ostatu, landetxe eta kanpalekuak. Aste Santua «oparoa» izaten ari da turismoari erreparatuz gero. Oso berandu egokitu da aurten Aste Santua, eta jendea oporretarako gogoarekin zegoela antzeman da. Hala, txikia bada ere, iazko datuekin alderatuz igoera izan da bisitari kopuruan. «Hobekuntza horren seinale da aurten jende apur bat gutxiagok itxaron duela azken ordura arte erreserbak egiteko», azaldu du Carlos Ercek, Nafarroako Gobernuko turismo zuzendariak. %90 inguru bete dira hotelak, eta %85 inguru nekazaritza etxe eta landa turismoak. «Dena den, hona datorren turistak duela hiruzpalau urte baino gutxiago kontsumitzen du, eta hori aldatzea da orain dugun erronka. Baina zaila da, sasoi honetan gurera datozen turista gehienak inguruko erkidego autonomoetatik baitatoz, eta krisi ekonomikoa jasaten jarraitzen dute», nabarmendu du Quino Martinezek, Gipuzkoako Ostalarien Elkarteko idazkari nagusiak.
Jaurlaritzak herenegun eman zituen turismoari lotutako azken datuak. Horien arabera, azken 21 hilabeteetan gora egin du bisitari kopuruak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Martxoan, adibidez, turisten hazkundea %9koa izan da. Iaz baino 13.514 bisitari gehiago izan dira EAEn iragan hilean: 175.399, hain zuzen. Nafarroan ere gora ari da pixkanaka turismoa. Apirilean hazten jarraitzea espero dute, gainera, Aste Santuko turista uholdeak lagunduta.
Lau hiriburuetako —Gasteiz, Iruñea, Bilbo eta Donostia—hotelen batean lekua topatzea lan nekeza da egunotan. Logelen %90 inguru beteta daude. «Iazko datuekin alderatuz zertxobait hobera egin dugula esan daiteke», diote Ercek eta Martinezek. Igandetik aurrera %60ra jaitsiko da erreserba kopurua.
Gastronomiari eta naturari lotutako eskaintzak erakarrita etorri dira gehienak. «Hona datorrenak badaki ez duela eguraldia ziurtatuta edukiko. Beste gauza batzuengatik etortzen da», azpimarratu du Ercek. Horri lotuta, naturari lotutako turismoa hartzen ari den indarra ekarri du gogora: «Guk, adibidez, natur parkeetara bisitak indartu ditugu Aste Santu honetarako; eta, egia esan, oso harrera ona izaten ari dira. Pilotaren ibilbidearen bidez ere hainbat herri lotu ditugu, gurean hain errotua dagoen kirola ezagutarazteko».
Jendeak, beraz , ez die oporrei muzin egin: «Dituzten arazoez ahazteko aprobetxatu nahi dituzte egun hauek». Hori bai, oporretan dauden bitartean turistek atzeraldi ekonomikoa hasi aurretik baino diru gutxiago gastatzen dute. «Jaurlaritzak behin eta berriz esaten du turista kopurua igo egin dela. Baina lehen, adibidez, turista horietako askok karta aukeratzen zuten, eta orain eguneko menua; eta sei pintxo jan beharrean, hiru jaten dituzte. Jatetxeetan eta tabernetan ez da horrenbeste nabaritu igoera hori», azpimarratu du Martinezek. Horren aldean, oporretara joan gabe bertan geratzea erabaki dutenen gastuaren garrantzia azpimarratu du: «Zorionez, halako asko daude. Horiek egun-pasak egingo dituzte, eta etxetik kanpo bazkaldu».
Turisten ohitura aldaketei etekina atera dietenetako batzuk nekazaritza etxeak eta landa turismoak dira. «Jendeak aukera du janaria etxetik ekarri eta bertan prestatzeko, eta horrekin dirua aurrezten du», azaldu du Agustin Linazasorok, Nekaturreko lehendakariak. Horrekin batera, hiri eta herrietako zurrunbilotik ihesi, naturak ematen duen lasaitasun bila etortzen dira egun hauetan nekazaritza etxe edo landa turismo batean ostatu hartu dutenak. «Atetik atera eta animaliensoinuak entzutea eta basoan nahiz mendian osteratxoa egitea ikaragarria da haientzat». Aste Santuko okupazioa %70ekoa izaten ari da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. «Iazko parekoa da, eta eustea bakarrik lorpen handia da. Beste urrats bat egitea gustatuko litzaiguke, eta %100era gehiago gerturatu. Baina badakigu hori zaila dela». Gaurko eguneko okupazioa, adibidez, iazkoa baino %2,55 altuagoa da: %89,55ekoa da. Biharkoan ere igoera izango da. «Batik bat Euskal Herrikoak bertakoak eta inguruko erkidegoetako jendea da landetxeetara etortzen dena, eta gure erronka urrutiagoko jendea erakartzea da. Aste Santuan, ordea, hori zaila da, oso egun gutxi direlako eta herrialde guztietan ez delako ospatzen», nabarmendu du.
Baserrien iraupenerako sektore «erabakigarria» da nekazaritza turismo eta landetxeena. «Produktuen salmentarekin bakarrik oso zaila da baserriarekin aurrera jarraitzea».
Nafarroan, Ercek jakinarazi duenez, nekazaritza etxe eta landetxeak %95 inguru bete dira. «Primerako datua da. Gainera, nabaritu dugu Aste Santu aurreko egunetan eta Pazko Astean ere erreserbak igo egin direla. Hori datu ona da».
Aukera merkeenetako bat da kanpalekuena ere. «Baina aukera hori eguraldiagatik baldintzatuta dago erabat. Kasu honetan, horri buruzko informazioa ez dugu izango Aste Santua amaitu arte», dio Ercek.
Udarako asmoak
Behin Aste Santua igarota, udan hasiko dira pentsatzen. «Hori da sasoi garrantzitsuena guretzat», diote hirurek. Aurtengo uda aurreko hiru urteetakoa baino hobea izango dela iritzi dio Martinezek. «Inguruko hainbat herrialdetan, Alemanian eta Frantzian, adibidez, krisitik irteten ari dira. Beraz, handik etorriko diren turista gehiago izatea espero dugu».Dena den, duten benetako erronka turistek gurean igarotzen dituzten gau kopurua igotzea da; horretarako, eskaintza lehiakor eta berritzaileak prestatu dituzte. Nafarroan, horri lotuta daukate martxan Nafarroak doan egiten dizu harrera kanpaina. Horren bidez, bisitariek beherapen bonuak lor ditzakete. Dagoeneko 800 turismo enpresa eta eragilek egin dute bat Foru Gobernuak sustatutako ekimenarekin.
Bisitari andana, igandera bitarte
Azken urteetako Aste Santu oparoena da aurtengoa turismoaren alorrean. Hego Euskal Herriko hotel eta landa turismoak gainezka daude. Hori bai, turistek ez dute duela urte batzuk bezala kontsumitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu