Ingurumena

Bisoi europarra berriz hazi da Salburuko hezeguneetan

Gaur egun, mundu osoko haragijale txikien artean gehien mehatxatua da.

Bisoi europarra. Artxiboko irudia. BERRIA
unai etxenausia
2021eko abuztuaren 12a
15:13
Entzun

Bisoi europarra Gasteizko Salburuko eta Zadorra ibaiko hezeguneen inguruan hazi da, berriro. Udalak adierazi duenez, hiriburua inguratzen duen eraztun berdeko fauna aztertzen duten kamerek eme bat grabatu dute, aurten jaiotako hiru kumerekin batean. Bisoi europarra, gaur egun, mundu osoko haragijale txikien artean gehien mehatxatua dagoen espeziea da, eta, ondorioz, estatuan «galtzeko arrisku larrian dagoen espezie» gisa katalogatu da.

Bisoi europarraren mehatxu nagusia, berriz, bisoi amerikarrarekin duen lehia da, espezie europarra lekuz aldatzen duen espezie exotiko basatia. 2016an, espezie amerikarra desagerraraztea lortu zen, hainbat urtez Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak Europako LIFE Lutreola Spain proiektuari esker aurrera eraman zituzten ekintzen bidez.

Ordutik aurrera, garai batean Salburuan eta Zadorra ibaian ugaria zen bisoi europarraren populazioa leheneratzen saiatzeko baldintza egokiak eratu ziren. Halere, bizirik iraun zuen populazioa oso urria zen, eta populazio errefortzuak behar ziren, haien kopurua eta dibertsitate genetikoa handitu ahal izateko. Hori dela eta, 2018az geroztik, gatibutasunean hazitako 17 ale askatu dira Salburuan. Espezie horiek ingurune naturalera egokitzearen emaitzak, hain zuzen, ale bakoitzari ezarritako irrati igorleen bidez egindako jarraipen banakakoei esker lortu dira. Estonian eta Alemanian bisoi europarra birsartzeko asmoz orain arte egindako bi proiektuetan erabili izan diren tekniken antzekoak erabili dira Gasteizen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.