Bi aldiz salatu zuen bikotekidea Ana Isabel Madariaga zenak epaitegian, baina bietan, atzera egin eta salaketa kendu zuen 24 orduko epean, jazotakoaren "errua berea" zela argudiatuta. EBk eta Argitan emakumeentzako aholku etxeak egoera hori salatu dute; zehatzago, agertarazi dute Madariagak laguntza eskatu ziola Barakaldoko Udalari, baina erakunde horrek ez ziola eman etxetik alde egiteko baliabiderik. Madariaga asteazkenean topatu zuten hilotz bere etxean, eta autopsia egiterakoan konturatu ziren indakeria zantzuak zituela. Hori dela eta, haren bikotekidea atxilotu zuen Ertzaintzak atzo, hilketa egotzita. Ertzaintzaren esku jarraitzen du oraindik, epailearen aurrean deklaratzeko zain. Hilketa salatzeko hainbat ekitaldi egiten ari dira. Esate baterako, Eusko Legebiltzarrean minutuko isilunea egin dute legebiltzarkideek osoko bilkura hasi aurretik. Era berean, Barakaldoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak bilera egin du hamaiketan, eta aho batez onartu du akusazio partikular izatea Madariagaren heriotzaren inguruko auzibidean. Horrez gain, hamabietan elkarretaratzea egin da Udaletxearen atarian Udalak antolatuta. Besteak beste, Javier Madrazo Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburua, Juan Mari Aburtu Bizkaiko Diputazioko Gizarte Ekintzarako diputatua, eta Tontxu Rodriguez Barakaldoko alkatea izan dira elkarretaratzean. Bilgune Feministak, berriz, Madariagaren hilketa "oso gertakizun larria" dela adierazi du, eta horrelakoetan "erantzun gogorrak" eman behar direla aldarrikatu du. Aurten zazpi emakume hil dira Euskal Herrian haien hurbileko gizonezkoek eraso eginda. Gizonezko bat atxilotu dute Errenterian Beste asko ez dira hil, baina erasoak jasan ditute. Esate baterako, gaur jakin da asteazkenean Errenterian (Gipuzkoa) gizonezko bat atxilotu zutela bikotekidea jotzeagatik. Errenteriko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, kalean, zehazki San Sebastian karrikan, eraso zion gizonezko horrek andreari. Gertakarien lekuko batek udaltzainei deitu zien, eta haiek atxilotu egin zuten emakumezkoa jotzen ari zela ikusi ostean.
Bitan jarri zuen Ana Isabel Madariaga zenak bikotekidearen aurkako salaketa
Ana Isabel Madariaga asteazkenean hilotz aurkitu zuten Barakaldoko (Bizkaia) 38 urteko emakumezkoak bitan jarri zuen bikotekidearen aurkako salaketa tratu txarrengatik, baina bietan atzera egin zuen. Ildo horretatik, Barakaldoko EBk eta Argitan emakumeentzako aholku etxeak salatu dute Madariagak laguntza eskatu arren Udalak ez ziola etxetik alde egiteko baliabiderik eskaini. Barakaldoko Udalak, berriz, ez zela erakunde horretako gizarte zerbitzuekin harremanetan jarri adierazi du. Madariagaren bikotekidea atxilotuta dauka Ertzaintzak, hilketa egotzita. Eguerdian elkarretaratzea egin da hilketa salatzeko Barakaldoko Udaletxearen atarian, eta goizean, minutuko isilunea egin dute Eusko Legebiltzarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu