Elena Martinez irakasleak atzo aurkeztu zuen bere tesia EHUren Udako Ikastaroetan eman zuen hitzaldian: «Bitartekotza egokia izan liteke genero indarkeria kasuetan ere». Prozesu judizialetan, baina, salbuespen trataera jasotzen du genero indarkeriak. Beste delituetan ez bezala, indarkeria matxista tarteko dutenetan profil jakinak izan ohi dituzte biktimek eta erasotzaileek. Azken horiekiko jarrera kontraesankorra izaten dute biktimek maiz, horien delituari pisua kenduz ala justifikatuz, esaterako. Erasotzaileei dagokienez, badute bereizgarri bat: delitua egiten duten unean, behinik behin, biktima bakarrari edo jakinei soilik oldartzen zaizkiela; alegia, ez diotela edozein emakumeri eraso egiten. Hortaz, alde bien arteko berdintasuna oso zailtzat jotzen dute legegileek, eta baztertu egiten dute genero indarkeria kasuetan bitartekaritza penalerako aukera.
Zertan datza, baina, bitartekaritza penala? Ezin da hori ulertu prozesu judizialetik at, ezta haren alternatiba gisa ere. Prozesu juridikoan balia daitekeen bitartekaritzaren bidez, epailea ez da baten aldeko eta bestearen aurkako ebazpena ematen duena, bi aldeak ados jartzea lortu nahi baita. Biktimaren eta erasotzailearen arteko elkarrizketetan berdintasuna bermatzeko erantzukizuna du epaileak, baina bitartekariari dagokio hartarako girorik egokiena sustatzea. Bitartekaria ez da independentea, ezta inpartziala ere, biktimarekiko zein erasotzailearekiko inplikazio pertsonala du, eta bien ala bien interesak babestu behar ditu. Biktimarentzako onura esanguratsuak izan ohi ditu bitartekaritzak; besteak beste, delituaren ondorengo suspertze bizkorragoa izaten du, eta biktimizazio edo mendeku gose urriagoa sentitzen.
Hortaz, zergatik ez da onartzen bitartekaritza genero indarkeria kasuetan? Emakumearen burujabetza ezinbestekotzat jotzen du negoziaziorako Martinezek. Jakina denez, biktimak erasotzailearen delituari pisua kendu ala justifikatzeko joera izaten du maiz. Egoera horretan, pentsaezina da negoziazioa: «Ezin dira biktima eta erasotzailea mahai berean jarri egoeraren benetako asimilaziorik ez bada izan, ez bailitzateke beren arteko berdintasuna bermatuko». Genero indarkeria kasuetan emakumeak menderatzea eta diskriminazioa jasaten duela eta nolako harreman afektiboa desio duen nekez galdegin zaiola aintzat hartuta, emakumeei ahotsa ematea eta harremanak aurrera egin dezan baldintzak jartzeko aukera aitortzea lorpen moduan dauka Martinezek.
Genero indarkeria kasuak banan-banan aztertu behar direla uste du Martinezek, eta emakumeen burujabetzaren arabera bitartekaritzarako tartea utzi. Indarrean den legeari kritikoki begiratzea eta berraztertzea proposatzen du, bitartekaritzaren bidez «izozmendiaren muturra» ez ezik, egoera bere osotasunean balioeste aldera.
Elena Martinez. Valentziako Unibertsitateko irakaslea
«Bitartekotza egokia izan liteke genero indarkeria kasuetan ere»
Genero indarkeriaren gaineko prozesu judizialetan, zenbait kasutan bitartekotza ere balia daitekeela uste du Elena Martinezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu