EUROPAKO KONSTITUZIOA. AURREKO ERREFERENDUMAK

Bitik bi

Imanol Murua Uria.
DONOSTIA
2005eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
ego Euskal Herria kolore bereiziarekin nabarmendu izan da orain arteko erreferendumetako emaitzen mapetan. Europako Konstituzio Itunaren aurretik egin diren bi erreferendumetan, Espainiako Konstituzioari buruzko eta NATOn sartzeari buruzko galdeketetan, Espainiako Gobernuaren eta alderdi nagusien jarrera nagusitu izan da emaitza orokorretan, baina ez Euskal Herrian.

1978ko abenduaren 6an, Espaniako Konstituzioa erreferendumean onartu zenean, Euskal Herria eta Galizia izan ziren salbuespenak. Hego Euskal Herrian erroldaren %34k baino ez zioten eman baiezkoa Konstituzioari, eta Galizian %45ek baino ez. Trantsizio hasierako hauteskunde guztietan abstentzio pasiboa bereziki handia izan zelako lortu zuen Galizian Konstituzioak horren sostengu apala, baina Hego Euskal Herrian indar abertzaleek abstentzioaren edo ezezkoaren aldeko jarrera aktiboa izan zutelako lortu zuen Konstituzioak horren babes eskasa.Espainiako alderdi nagusiek, Adolfo Suarezen UCDk, Felipe Gonzalezen PSOEk, Santiago Carrilloren PCEk eta Manuel Fragaren APk Konstituzioari baiezkoa ematea eskatu zuten kanpainan, baita Jordi Pujolen CDC alderdiak ere. Euskal Herriko alderdi abertzaleek, aldiz, uko egin zioten Konstituzioa onesteari.EAJk abstentzioaren aldeko kanpaina egin zuen. Espainiako Kongresuan Konstituzioa landu zuenbatzordeko lanetan parte hartu zuen EAJk, Xabier Arzalluz jeltzaleen ordezkaritzako buru zela, eta ahalegin nagusia euskal lurraldeei eskubide historikoak aitortzeko xedapena onartzea izan zen. Azkenean erabaki zen formula ez zuen onartu EAJk, eskubide historikoak «Konstituzioaren esparruaren barruan» eguneratuko direla dioelako.Euskadiko Ezkerrak, Francisco Letamendia Ortzi diputatuaren eta Juan Maria Bandres senatariaren ahotik, autodeterminazio eskubidearen aldeko zuzenketa aurkeztu zuten, atzera botako zutela jakinik ere. EEk, eta EEren ezkerretara zeuden guztiek, hala nola HBk, KASek, EMK-k edota LKIk, ezezkoaren aldeko kanpaina egin zuten.Oso bestelako ikuspegitik proposatu zuen ezezkoa UPN sortu berriak: Konstituzioak aldi baterako 4. xedapenean Nafarroak «euskal erregimen autonomikoarekin» bat egiteko prozedura aurreikusten zuelako, Nafarroako UCDren zati batek, Jesus Aizpun buru zela, alderdia utzi eta UPN sortu zuen. Konstituzioak, azkenean, erroldaren %50etik oso beherako sostengua jaso zuen Euskal Herrian (%34,9), abstentzio handiari esker (%50,5), baina baiezkoa ezezkoari (%10,9) nagusitu zitzaion. Herrialdeka, Nafarroa salbuespena izan zen baiezkoak %50en langa gainditu baitzuen, baina doi-doi (%50,4), Espainiako batez bestekoa baino hamar puntu behetik (%59). Espainiako Konstituzioa, azken batean, euskal herritarren babesik gabe jaio zen. Hurrengo erreferendumean, 1986an, Espainian NATOn sartzeari oniritzia eman zitzaionean, Euskal Herria berriro salbuespena izan zen, Kataluniarekin eta Kanaria uharteekin batera oraingoan, bietan ezezkoa nagusitu baitzen; gainerako lurralde guztietan baiezkoak irabazi zuen.

Ustekabeko emaitza

Kanpaina berezia eta bizia izan zen. Espainian, PSOEko Gobernuak baiezkoaren aldeko kanpaina indartsua egin zuen arren, azken unera arte inkestek ezezkoa nagusituko zela zioten. PSOEk NATOren aurkako jarrerarekin hartu zuen agintea 1982an, eta ondoren aldatu zuen jarrera, baina nabarmena izan zen PSOEko botoemaileen zati handi batek ez ziola Felipe Gonzalezen irizpideari jarraitu. UGTko idazkari nagusi Nicolas Redondok, esate baterako, ezezkoaren alde egin zuen. Gainera, eskuineko indar nagusiak, Manuel Fragaren Koalizio Popularrak UCD desegiteko bidean zen ordurako, bakarrik utzi zuen PSOE, abstentziorako deia eginez. PCEk eta ezkerreko gainerako alderdi eta mugimenduek, jakina, ezetzaren alde egin zuten.

Euskal Herrian, EAJk ez zuen jarrera ofizialik hartu, CiUk Katalunian bezala. Alderdia ez zen artean banatu, baina krisiaren erdian egokitu zen erreferenduma: ordurako Jose Antonio Ardanza izendatu zuten Eusko Jaurlaritzako lehendakari, baina Carlos Garaikoetxeak eta bere ildokoek ez zuten oraindik EA sortu. Alderdiak boto askatasuna eman zien militanteei, baina buruzagi nagusiek, hala nola Xabier Arzalluzek eta Ardanzak, baietzaren alde egin zuten, eta Garaikoetxeak, aldiz, ezetzaren alde.EAJtik ezkerretarako alderdi abertzale guztiek, HBk eta EEkbesteren artean, ezetza eskatu zuten. Ezetzaren aldeko kanpaina bateraturik ez zen egin, eta bi mugimendutan egituratu zen ezetzaren aldeko kanpaina: NATOren aurkako Movida LKI, EMK eta beste hainbat mugimendutako kideek gidatu zuten, eta NATOren aurkako Manifestua-n HBren ingurukoak bildu ziren gehiago.Martxoaren 12ko bozketen emaitza orokorrek ezustekoa eman zuten azkenean, baiezkoek (%31,2) bederatzi puntuko aldea kendu baitzieten ezezkoei (%23,7); abstentzioa %40,6koa izan zen.Hego Euskal Herrian oso bestelako emaitzak izan ziren, ezezko botoak baiezkoak bikoiztu baitzituzten ia, eta lau herrialdeetan nagusitu zen ezetza. Erroldaren araberako portzentajeetan, %40k baiezkoa eman zuten,%21ek ezezkoa eta %30 abstenitu egin ziren.

-

ERREFORMA POLITIKOA



 

Kanpainarik gabe





Espainiako Konstituzioari buruzko erreferenduma baino lehen antolatu zuen beste galdeketarik Adolfo Suarezen Gobernuak, Francisco Franco hil ostean. 1976ko abenduan, Erreforma Politikoari buruzko legeari onespena eman zioten bozeramaileek, erreferendum berezian. Artean alderdi politikoak legeztatu gabe zeuden, nahiz eta lehenengo agerpen publikoak egiten hasiak ziren asko. Kanpaina ofizialik ez zuten egin alderdiek eta, beraz, kanpaina bakarra baiezkoaren aldekoa izan zen, Suarezen Gobernuak egina. Orduko legeriaren arabera, gainera, botoa ematea derrigorrezkoa zen teorian. Abstentzioaren aldeko hainbat ekitaldi debekatu zituzten, baita boikotaren aldeko eskuorriak banatzen ari ziren hainbat lagun atxilotu ere. Euskal Herriko alderdi politiko gehienek, legez kanpo artean, abstentziorako edo boikoterako deia egin zuten. PSOE, PCE, MCE, Alderdi Karlista, Eusko Sozialistak, LCR-ETA VI, EHAS eta OIC alderdiek agiri bateratua atera zuten, KASen biltzen ziren alderdiek ere boikota iragarri zuten, eta EAJk Xabier Arzalluzen ahotik egin zuen abstentziorako deia, alderdi jeltzalearen lehenengoetako ekitaldi publiko batean. Espainiako emaitzen aldean abstentzioa bereziki handia izan zen azkenean Gipuzkoan (%55eko abstentzioa, %41 baiezko eta %1,2 ezezko) eta Bizkaian (%47,5eko abstentzioa, %47,4 baiezko eta %2 ezezko), baina baiezkoa erraz nagusitu zen Araban (%23ko abstentzioa, %70 baiezko eta %2 ezezko) eta Nafarroan (%26ko abstentzioa,%68 baiezko eta %2 ezezko), Espainia osoan bezala (abstentzioa %22koa izan zen, baiezkoak %73 eta ezezkoak %2).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.