Bittor Oroz: "Alferrik galdu da diru laguntzen konbergentziaren alde egiteko aukera"

2014ko urtarrilaren 31
20:26
Entzun

Negoziazioetan Eusko Jaurlaritzaren eskaeretako bat zen 1.250 eurotik beherako laguntzak jasotzen dituztenek ere salmenten bidez gutxieneko portzentaje bat eskuratu behar izatea. Aurrera egin izan balu, jende asko gera zitekeen diru gabe, izan ere Araba, Bizkai eta Gipuzkoan onuradunen %60 daude muga horren azpitik. Hala ere, beharrezko ikusten zuen Orozek, nekazari profesionalek lehentasuna izan behar dutela uste duelako, eta lurrak merkaturatzea sustatu behar delako.

Nekazari aktiboaren figura zehaztu da Nekazaritzako Sektore Batzarrean. Konforme zaudete adostutako definizioarekin?

Guk foru aldundiekin eta sindikatuekin adostutako proposamena eraman genuen, nahi genuen nekazari profesionalen figurara bideratzea laguntzak. Eskatu genuen nekazari aktibo izateko diru sarreren %25ek gutxienez nekazaritzatik etorri behar zutela. Eskaera ere ez zen beste mundukoa, ez ginen esaten ari  nekazaritzatik bizi direnei bakarrik eman behar zaizkienik laguntzak. Baina iritsi ginen negoziazioetara eta zuzenean esan ziguten:  pertsona baten nekazaritzako diru sarrerak hartu eta sarrera horietatik %10 gutxienez salmentetatik badatoz, nekazari aktiboa izango da. Azkenean, kopurua %20ra igotzea lortu zen. Beraz ez, ez gaude ados definizioarekin.

Urtean 300 eurotik 1.250 euro arteko laguntzak dituztenek ez dute %20ko baldintza hori bete beharko. Horrek zer ondorio izango ditu?

Guk esan genuen 1.250 eurotik beherako laguntzak dituztenei ere begiratu egin behar zaiela sarreren %20 salmentetatik lortzen duten. Tarte horretan jende asko dago, EAEn, esaterako, laguntza jasotzen dutenen %60.  Lur sail batzuk dituzte, eta aitortu egiten dituzte. Banaka diru gutxi kobratzen dute, baina orokorrean, asko. Dirutan ez ezik, bestela ere eragin handia du. Adibidez, ezer egin gabe 1.250 euro kobratzen badituzu, zergatik aterako dituzu lur horiek merkatura? Kontuan hartu behar da gure arazoetako bat lur falta dela, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian.

Espainiak zentralizaziora jo duela salatu duzue.

Nekazaritza politikak egiteko eskumena EAErena da,eta uste dugu eskumen hori urratu egiten digutela. Adibidez, nekazari aktiboak zein diren erabakitzeko orduan eskatu genien uzteko erabakitzen nekazari aktiboa Euskadin zein den, konbergentziarantz nola jo, uzteko definitzen zein modelo nahi dugun, baina ezetz esan ziguten. Konstituzioan badago artikulu bat honakoa esaten duena: ekonomiaren antolaketa orokorrari lotutako alderdi guztiak estatuaren eskumen izango dira. Esaten dute Nekazaritza Politika Bateratuak ere ekonomiaren antolaketa orokorrari eragiten diola, eta ondorioz eurek kudeatu behar dutela.

Nekazari aktiboen definizioa egiteaz gain, eskualde banaketa nola egin ere ere adostu da batzarretan. Zer iruditu Espainiako Gobernuak planteatutakoa?

Lurraldetasun kontzepturik ez dago, baserritar bakoitzak kobratzen duenaren araberako sailkapena egiten dute, eta guretzat horrek ez du zentzurik. Alferrik galdu da konbergentziaren alde egiteko aukera.

Europan NPBren erreforma prestatzen hasi zirenean, erabateko konbergentzia ere proposatu zen. Hau da, Europa osoan hektareako laguntza berbera izatea. Horren alde egongo zinatekete?

Filosofia gisa egokia izan daiteke, baina, era berean, egia da merkatu guztiak ez direla berdinak, nekazariek merkatuetara iristeko dituzten aukerak ere ez... Guk baserritarrentzat ahalik eta baldintza onenak nahi ditugu, eta aztertu egin beharko litzateke proposamen hori komeni zaigun.

NPBren erreforma berriak datorren urtean esne kuotak desagertzea eragingo du. Zein neurritako ondorioak izan ditzake horrek?

Orain gutxi jardunaldi batzuk egin ziren gaiari buruz, eta ondorioa izan zen kuotak desagertzeak ez zuela halako eraginik izango, baina ni kezkatuta nago. Egia da Europako ekoizpen kostuak eta hemengoak ez direla zeharo ezberdinak, baina elikagaiak sortzeko Europako etxalde handiek eta hemengoek duten lehiakortasuna guztiz ezberdina da. Beste iritzi bat izateko beste azterketa bat egiten ari gara. 

Zer gerta daitekeen ikusita, laguntza moldatuak esne sektorerako eta erremolatxarako prestatzeko eskatu du Jaurlaritzak. Zer erantzun dio Espainiak proposamenari?

Filosofia onartu digute, baina kopuruak ez. Guk 130 milioiko laguntza nahi genuen esne sektorearentzat, eta 93 milioi izango dira; erremolatxarentzat 20 milioi esan genuen, eta 16 izango dira. Hori bai, lortu dugu 2016an berrikustea egoera.

Bigarren zutabeko laguntzei dagokienez —landa garapenerako laguntzak—, orain arte eskualdeetako landa garapenerako programak (PDR) diseinatzen zituen erkidego bakoitzak. Espainiak, ordea, horiez gain, estatu mailako PDRak egotea ere nahi du. Zein iritzi duzue proposamen horri buruz?

Guk uste dugu ez lukeela egon behar estatu mailako PDRrik. PDRak ordenatzeko dagoen marko nazionalak ere orokorra izan behar du, estatua ez da nor guri zer egin behar dugun esateko, ez baitute zerikusirik baserrian instalatu nahi duen Galdakaoko gazte batek eta Badajozko batek.

Zuen PDRaren diseinuan zeri emango diozue lehentasuna??

Nekazaritza ekologikoa bultzada bat behar duela uste dugu, gaur egun ekoizpena %1 baino gutxiago baita. Argi dugun beste ardatz bat da industria agroalimentarioa sustatzeko premia. Gure helburuetako bat da bertako produktua lehenesten duen industria agroalimentarioa sustatzea, balio dezala sektorea egituratzeko. Orain ere, ditugun sektore indartsuenak dira nekazaritzako elikagaien industria dutenak; adibideetako bat izan daiteke Iparlat esne sektorean, eta Arabar Errioxako mahastietatik bizi den familia kopurua. Zuzeneko salmenta eta ziklo motzak zer diren ere definitu behar dugu.

Joan den astean egindako bileran, Kataluniako Generalitateko ordezkariekin elkarlanean aritzea adostu duzue. Zergatik Kataluniarekin?

Nekazaritzako Sektore Batzarrean ezadostasunak agertu izan ditugun bakarrak geu izan gara. Elkarlanerako gogoa ere badago. Katalunia aurreratuta dago nekazaritza ekologikoaren arloan, baita zuzeneko salmenta eta ziklo laburretan ere. Arlo horietan dekretuak eta guzti ditu, eta euren esperientziak nahi ditugu ikusi. Haiek, berriz, nazioartekotzeari buruz ikasi nahi dute gugandik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.