"Herri bat dugu, proiektu bat dugu eta talde ezinhobea dugu". EH Bilduren proposamena defendatu du Arnaldo Otegik Miribillako ekitaldian. Hark behar zuen koalizioko lehendakarigai, baina inhabilitatu egin zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, eta gaia hizpide izan du: "Inhabilitazioarekin hautagai gabe utziko gintuztela uste zutenak oker zeunden, orain hiru hautagai ditugu".
Miren Larrion, Jasone Agirre eta Maddalen Iriarte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zerrendaburuek hartu dute hitza ekitaldian. "Utopiak" goraipatu ditu Larrionek "bidea" erakusten dutelako, eta gogora ekarri du ados jarriz lortu zutela "Barcinak eta Marotoak" Nafarroako Gobernutik eta Gasteizko alkatetzatik kentzea; EH Bildu "indartsu" dagoen lekuetan aldaketa gauzatu dela defendatu du.
Agirrek argudiatu du "pertsonala politikoa" dela, eta norbanakoen arrazoi pertsonal nahiz politikoei egin die erreferentzia botoa eskatzeko: "EH Bildu gai da era guztietako pertsonak erakartzeko: ekologistak, feministak edo sozialistak".
Iriartek, berriz, Iñigo Urkullu EAJko lehendakariari egin dio enplazamendua: "Hain zaila al da esatea zer egingo dugun Madrilek atea itxi eta gero?". Hala gertatzen bada, euskal estatu burujabe bat sortzera deitu du, "kultura eta ikerketa sustatzeko, erabakitzeko nola izan behar duen osasungintzak, prekaritatea kanporatzeko. Pentsio duinak ezartzeko eta estatu duin eta solidario bat eraikitzeko".