G7koen goi bilera Miarritzen

Bizi-k Macronen argazki bat erretiratu du Irisarriko herriko etxetik

Aste honetan iragarri duenez, igande goizean agertuko dira azken hilabeteetan kendutako denak, Baionan.

Ekintzaileak, Macrone argazkia hartzen Irisarriko herriko etxetik. BIZI MUGIMENDUA
2019ko abuztuaren 23a
15:39
Entzun

Munduko agintaririk boteretsuenen goi bilera hasi bezperan, Bizi mugimenduak Emmanuel Macron Frantziako presidentearen beste argazki bat eraman du herriko etxe batetik. Irisarrin izan da. Inoiz baino polizia gehiago daude egun hauetan Miarritzen, baina hori ez da eragozpena izan Biziko bi ekintzaileak argazkia eramateko.

Elodie Nace Alternatibako ekintzaileak Twitterren salatu duenez, zentzurik gabeko bilera da Miarritzen G7koek egingo dutena: "Txioak eta asmo adierazpen ederrak ez dira nahikoa. Egintzen zain gaude oraindik", adierazi du. Azken hilabeteetan eraman dituzten beste argazkiekin batera, igandean aterako dituzte kalera ekintzaileek Baionan Bizi, Alternatiba eta ANV-COP21 mugimenduek egingo duten "erretratuen martxan". Astearte iluntze honetan agertu da argazki horietako bat. Miarritzen jarri dute, Ama Birjinaren Harkaitzean.

"Klimaren eta justizia sozialaren alde" aterako dira kalera mugimendu horiek. 10:00etan izango da. Egun hauetan manifestazioak egiteko debekua ezarria dago, baina martxaren ostean prentsa agerraldi bat egingo dute, eta hura babestuko dute nazioarteko mugimendu ekologistako pertsona ugarik; besteak beste, Susan George idazle altermundialistak, Jean Francois Julliard Greenpeaceko Frantziako zuzendariak, Khaled Gaiji Lurraren Lagunen Frantziako presidenteak, Marie Toussaint eurodiputatuak eta Barbara Romagnan diputatu ohiak. Prentsaurrekoan azalduko dute "Macron presidentearen egiazko klima bilana".

Izan ere, ohar batean salatu dute Frantziako Gobernuak trantsizio ekologikoaren eta sozialaren alorrean eginiko politikak "urrun" daudela Parisko Akordioan ezarritako helburuetatik, eta "diskurtso politak" baino ez dituztela erabiltzen. Prentsa agerraldiaren leku zehatza 10:00etan jakinaraziko dute, igandean bertan, sare sozialen bidez, #MarcheDesPortraits traolaren bidez.

Martxa "%100 ez-biolentoa eta aurpegia estali gabe" izango da, eta haren leloa izango da Klima, justizia soziala: Macronek amore eman du, deslot dezagun. Frantziako Estatuko eta Euskal Herriko 125 herriko etxetan kendu dituzte Macronen erretratuak, eta horien bila aritu da Polizia; ondorioz, 74 leku miatu dituzte, eta 152 lagun deklaratzera deitu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.