Krisi ekonomikoaren ondorioz, bizi-kalitatea oro har ez da askorik okertu, nahiz eta hainbat arlotan haren eragina nabaritzen den. Hori uste dute, behintzat, Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako herritarrek, Eustatek ezagutarazitako datuen arabera. 2009an egin zuten azterlana; hiru herrialde hauetako 7.700 familiari ongizatean eragina duten hainbat arlori buruz galdetu zieten. Eustateko zuzendari Francisco Javier Forcadak garandu zituen atzo jasotako emaitzak.
Ezer baino lehen, egungo krisi ekonomikoaren gailurra edo garairik latzenetakoa 2009an bizi izan genuela gogorarazi zuen. Testuinguru horretan, familien %30,1ek zailtasunak izan zituzten hilabete bukaerara diruz ondo iristeko. Hala ere, Forcadaren esanetan, datu hori ez da askorik aldatu duela bost urte egin zuten inkestatik hona.
Etxean langabeak dituzten familietan nabaritu dute aldaketa nabarmenena. Etxeko erreferentziazko pertsona langabezian dutenak dira egoera zailenean daudenak, hain zuzen ere. 2004an horien %52 larri iristen ziren hilabete bukaerara; iaz, %72k zuten arazo hori. Horiek hala, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako familien laurdenak gastuetan murrizketak egin behar izan zituzten. Gehienbat, astialdian, arropan eta oinetakoetan gastatu zuten gutxiago. Baina murrizketak egin behar izan zituzten lau familiatik batek, gainera, elikagaiak erosteko orduan ere diru gutxiago gastatu zuen.
Edonola, herritar askoren egoera ekonomikoa uste dutena baino hobea dela ohartarazi zuen agerraldian Forcadak: «Datu objektiboen arabera, familien %45,2k egoera ekonomiko ona dute, baina %4,5ek baino ez dute onartzen hori hala dela». Hala, nahiz eta Eustatek egindako galderei askok zailtasunak dituztela esanez erantzun, egiaz egoera ez dela hain latza iradoki zuen. «Kasu askotan datu subjektiboez hitz egiten ari gara, eta krisiak nolabaiteko psikosia eragin du herritarren artean. Benetan horretarako beharrik izan ez duten arren, askok egin diote muzin astialdiari».
Krisiaren ondorioz, langabeziak gora egin du, baina lana dutenek beharlekuan dituzten baldintzak hobetu egin dira. Adibidez, gutxitu egin dira lantokian hotz direla eta zarata jasan behar dutela diotenak. Langileen erdiek baino gehiagok lanaldi jarraia dute; ondorioz, etxean bazkaltzen dutenen kopuruak behera egin du. Lan asteari dagokionez, hamarretik seik ez dute larunbatetan lanik egiten. Zailtasunak zailtasun, azterlanean parte hartu duten familia gehienek uste dute bizi-kalitatea hobetzen duten baliabideen mailak gora egin duela. Gehienek gutxieneko elementuak dituzte etxean; alegia, hamar familiatik batek bakarrik dio etxetresna elektriko gutxi dituela eskura. Hala ere, oraindik 13.300 familia inguru dira bizilekuan berogailurik ez dutenak.
Giza harremanei mesede
Azterlanean parte hartu dutengehienak pozik daude bizitzeko aukeratu duten inguruarekin. Hirietan bizi direnei, baina, segurtasuna galdu dutela iruditzen zaie. Delinkuentziak, arazo etnikoek eta lapurretek, berbarako, gora egin dutela diote. Igoera hori gehienbat Araban bizi direnek azpimarratu dutela nabarmendu zuen Forcadak: «2004ko erantzunekin alderatuz, bi puntu baino gehiago igo da». Jaitsi egin da, ordea, alkoholismoaren, drogaren eta indarkeria fisikoaren pertzepzioa; kalean bizi diren eskekoen kopurua igualtsu mantendu dela uste dute galdetutakoek.
Krisiaren ondorio baikorra giza harremanetan dago. «Familiarekin eta lagunekin ditugun harremanak indartu egin ditugu, eta krisiak gogorren astindu gaituenetan elkarri laguntzea eta solidaritatea eta gisa horretako giza balioak hobetsi ditugu». Forcadaren esanetan, gertueneko senitartekoekin ditugun harremanak dira gehien estutu direnak, «egora gogorretan babes bila geureengana jotzen dugulako». Kontrara, auzokoekin harreman gutxiago izaten da.
Bizi-kalitatearen beheraldi txikia
Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako familiek uste dutena baino egoera ekonomiko hobea dute, Eustaten arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu