Bizi mugimenduak metamorfosi ekologiko eta soziala bizkortu nahi du

Euskal Herria Burujabe topaketak eginen dituzte urriaren 7an eta 8an. «Lurralde jasangarri, burujabe eta solidarioa» aldarrikatuko dute

Bizi mugimenduko kideen agerraldia, atzo, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Bi egun, berrogei hitzaldi, 150 elkarteren parte hartzea eta animazio andana. Egitarau zabala antolatu du Bizi mugimendu ekologistak urriaren 7rako eta 8rako. Euskal Herria Burujabe topaketak eginen dituzte Baionan, «lurralde jasangarri, burujabe eta solidariorantz» jo behar dela aldarrikatzeko. Egun horietan egin zituzten Alternatiba Egunak orain dela hamar urte. Mugimendu horren urteurrena ospatzeko ere baliatuko dute ekitaldia.

Biziko kideen hitzetan, biztanleriak egun klima larrialdiaren erronkak «askoz gehiago» ulertzen dituen arren «metamorfosi ekologiko eta soziala» bizkortu behar da. Proposamen berriak egin nahi dituzte, gizartearen «mobilizazio masibo» batera deitzeko. Izan ere, Biziren ustez, klima aldaketa ezin saihestuzkoa da gaur egun, baina mugatzen ahala da. «Hondamendi klimatikoak ugaritu ahala, gradu baten hamarren bakoitzak garrantzia du planeta osoan bizi baldintza duinak atxikitzeko», adierazi dute.

Horregatik, Euskal Herria Burujabe topaketen bidez ekintza jakinak proposatu nahi dituzte, «erantzukizun eta ekintza maila kolektiboago» batera pasatzeko, eta herritarren parte hartzearen kultura indartzeko. «Globalizazio estraktibista suntsitzaileari buru egiteko xedez, denei harrera egiteko eta denen elikatzeko gai diren lurraldeak garatu nahi ditugu, elkarren artean solidario diren lurraldeak, orain eta etorkizunean. Uste dugu lurralde eskala dela mundu bizigarriago baten alde mobilizatzeko eta ekiteko molderik onena», baieztatu dute.

Bi egunetarako antolatu dituzten ekitaldietan parte hartuko dute Manon Aubry Frantzia Intsumisoko eurodiputatuak, Joseba Azkarraga soziologoak, Delphine Batho Frantziako Gobernuko Ekologia ministro ohiak, Antidia Citores Surfrider fundazioko Europako bozeramaileak, Jean-François Julliard Greenpeaceren Frantziako zuzendari nagusiak eta Amaia Muñoa ELA sindikatuko idazkariorde nagusiak, besteak beste.

2018an, Burujabe - Gure bizi baldintzak berreskuratuz dokumentua idatzi zuen Bizik. Aurtengo ekitaldia dela eta, bertsio berria argitaratu dute, Denon mundua eskuetan berriz har dezagun izenburuarekin. 6 euskoan eskuratzeko aukera izanen da. Halaber, aurreikuspen istorio labur bat ere ondu dute: 2053, Metamorfosiaren kontakizuna Euskal Herrian. Afixa moduan agertuko dituzte, eta urriaren 7ko eta 8ko ekitaldietan erakutsiko dituzte, karrikan barna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.