Espainiako Gorteetako oposizioko alderdi denek batera joko dute Espainiako Gobernuak onartu berri duen bizi osoko espetxe zigorraren aurka. Helegitea jarriko dute Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, neurri horrek 1978ko konstituzioan jasotako oinarrizko eskubideak urratzen dituela argudiatuta. Zehazki lau artikulu urratzen dituela salatu dute; bereziki, presoen gizarteratzea galarazten duela.
Gaur aurkeztu dute ekinbidea oposizioko talde guztiek, Espainiako Diputatuen Kongresuan eginiko agerraldi batean. Helegitearekin bat egin dute EAJk, Amaiurrek eta Geroa Baik, azkenengo biak talde mistoaren barruan, eta haiekin batera baita PSOEk, IUk, CIUk eta UPDk, besteak beste. Bihar sartuko da indarrean neurri hori, Zigor Kodearen erreformaren gainotzekoekin eta Herritarren Segurtasunerako Legearekin —mozal legearekin— batera (gakoak, hemen). Lege hori ere Konstituzionalean dago, bost taldek jarritako helegitea dela eta. Kasu horretan, Amaiurrek, EAJk eta Geroa Baik ez zuten bat egin ekinbidearekin, PSOEren jarrerak sinesgarritasunik ez zuela salatuta.
1995eko Zigor Kodea erreformatzeko eginiko legean sartu du bizi osoko espetxe zigorra Mariano Rajoyren gobernuak. Baina ez da neurri bakarra; denera, 140 artikulu aldatu dituzte, horietako hainbat PSOErekin adostuta, otsailean sinatutako Terrorismoaren Aurkako Itunaren baitan. Besteak beste, deilitu terroristengatik zigortutakoei zenbait lanbidetan jarduteko debekuak edota zigorra osorik bete ostean 5-10 urteko “zaintza neurriak” ezartzeko aukera.
Bizi osoko espetxealdiari dagokionez, «berriz azter daitekeen» betiko espetxe zigorra da PPk legeztatatu duena. Europako beste herrialde batzuetan bezala, betiko zigorraren epe bat igarota berriz aztertzeko edota zaintzapeko askatasuna eskuratzeko aukera jasotzen da. Epe hori 7 eta 25 urte artekoa da —Frantzian, adibidez, 15 urtekoa da—. Espainian, berriz, 25 eta 35 urtera arte presoak ezingo luke eskatu zigorra berrikusteko, ezta eskuratu hirugarren gradua eta baldintzapeko askatasuna.