Herrira mugimenduak deituta, Fran Balda eta Manu Ugartemendia Herrira-ko kideekin batera Madrilen Parot doktrinaren aurkako agerraldia egin dute Amaiurreko Sabino Cuadra eta Jon Iñarritu diputatuek eta Alberto Unamunzaga senatariak, Aralarreko Dani Maeztu eusko legebiltzarkideak, LABeko idazkari nagusiaren alboko Jabi Garnikak, Bilgune Feministako Saioa Iraolak eta Idoia Trenorrek, Eleak giza eskubideen mugimenduko Txerra Bolinagak eta Etxerat euskal presoen senideen elkarteko Mattin Troitiñok.
"Madrilera etorri gara gaur, berriro eskatzera bizi osoko zigorra bertan behera uzteko", esan dute Espainiako Auzitegi Nazionaletik gertu, prentsaurreko batean. Hain justu, auzitegiak gaur ekin dio Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrinaz emandako kontrako epaia aztertzeari, baina ondoren jakinarazi du urriaren 10era atzeratu duela saioa.
Herrira-ren arabera, Espainiako Justiziak 197/2006 doktrina ezarri dien 67 euskal presok kalean beharko lukete, "zigor osoa betea baitute, baina kartzelan daude oraindik, Espainiako Estatuan mendekuzko politika ankerrak aplikatzen segitzen dutelako".
Espainiako Gobernuak presoen giza eskubideak urratu egiten dituela salatu dute Madrilen prentsaurrekoa eman dutenek. Herrira-k uste du "lehenago edo geroago, Espainiako Estatua Europako gainerako herrialdeekin homologatu" beharko dela: "Bizi osoko zigorra indarrik gabe utzi beharko du, gaixorik dauden presoak aske utzi beharko ditu eta sakabanaketa ere baztertu beharko du".
Gaurko espetxe politikak "Espainiako Estatua mundu osoaren aurrean oso egoera zailean" jartzen du, Herrira-k dioenez. "Gobernuak helburu bakarra du: Euskal Herriarentzat bakea oztopotzea eta atzeratzea".