Etxerateko kideek prentsaurrekoa egin dute gaur Donostiako Artzain Ona katedralaren aurrean "bizi osorako zigorra ahalbidetzen duen doktrinarekin amaitzeko" eskatuz. "Parot doktrina" bezala ezagutzen den 197/2006 doktrinak "71 euskal preso politikoren espetxe zigorra luzatzeko balio izan duela" salatu du Mattin Troitiño Etxerateko bozeramaileak.
Troitiñorekin batera euskal preso politikoen hamarka senide izan dira agerraldian. Aipatutako doktrina "zuzenbidearen parametroetatik urrun eta eskubideen urraketa eta erabilpen eta errepresio klabeetatik gertu" dagoela adierazi du Troitiñok eta berau berehala bertan behera uztea eskatu du; "bere aplikazioa jasan duten gure senide eta lagunak aske utziz", gehitu du.
Zentzu horretan, "gure senide eta lagun presoen eskubideen alde mobilizatu eta indarrak biltzea ezinbestekoa dela" baieztatu dute agerraldian eta horregatik datorren larunbatean, irailaren 17an, Egin Dezagun Bidea ekimenak deituta Donostian egingo den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute. Manifestazioa 17:30etan abiatuko da Donostiako Antiguako tuneletik Eskubide guztiekin, euskal presoak Euskal Herrira lelopean.