Joan den martxoaren 29an 197/2006 doktrina ezarri dieten 25 euskal presoren babes helegiteak atzera bota zituen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Herrira mugimenduak dio doktrina horrek "bizi osorako zigorra" ezartzen diela presoei, eta arauaren aurkako bideoa egin du. Azken 25 urteetako irudiak bildu ditu.
31 helegiteri buruzko erabakia eman zuen martxoaren 29an Konstituzionalak —28, euskal presoenak— , eta horietatik hiru baino ez zituen onartu. Hirurak euskal presoak dira: Jose Ignacio Gaztañaga, Juan Mari Igarataundi eta Jose Mari Perez Txuri. Ebazpena jaso bezain pronto aske geratu ziren.
Espainiako Auzitegi Gorenak 2006ko otsailaren 20an ateratako sententzia bat da 197/2006 edo Parot doktrina. Horren bidez, espetxe onurak edo erredentzioak espetxe zigor bakoitzari aplikatzen dizkiote, eta ez presoak guztira bete beharko lituzkeen gehienezko 30 urteko kopuruari, 2006ra arte egiten zen bezala. 76 euskal presori ezarri diete doktrina hori.
Plantoa egin dute Iruñean
Herrira mugimenduko hainbat kidek plantoa egin dute gaur goizean Iruñeko Justizia epaitegiaren aurrean, bizi osorako zigorraren aurka. Auzitegi Konstituzionalak 197/2006 doktrinaren aplikazioarekin bizi osorako zigorrari "ateak parez pare zabaldu" dizkiola salatu dute.