NAFARROAKO LEGEBILTZARRA

Bizikidetasunaren inguruko eztabaida eskatu du Elkarri-k

Nafarroa eta EAEko parlamentuen arteko lan taldea osatzea iradoki du

IRUÑEA
2004ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Nafarroako eta Gasteizko parlamentuen arteko lan taldea osatzea proposatu zuen atzo Elkarri mugimenduak. Egitasmoaren helburua alderdi guztiak bilduko dituen elkarrizketa mahaia lortzea da.

Nafarroako Parlamentuko Bizikidetza eta Nazioarteko Elkartasunerako batzordean izan ziren Elkarri-ko ordezkariak atzo. Nafarroan «bizikidetasunaren inguruko eztabaida irekitzeko» eskatu zien alderdiei Jonan Fernandez Elkarri-ko koordinatzaileak. Horretarako, alderdi guztiak tokia duten elkarrizketa mahaia eratzea proposatu zien. Aipaturiko mahaiak «bizikidetzan hobetzeko eta bakegintzarako akordioak» lortzen laguntzeko balio dezakeela adierazi zuen Elkarri-ko koordinatzaileak, batzordera sartu aurretik. Mahaia sustatzeko, Nafarroa eta Gasteizko parlamentuen artean lan taldea osatzea ere proposatu zuen. Batzordean Nafarroako Parlamentuan ordezkatuak dauden alderdi guztiak egon ziren. Alderdi guztiek eskertu zuten Elkarri-ren ekarpena. Proposamenaren inguruan «zalantza» agertu zuten bakarrak UPN eta PSN izan ziren. Hala ere, aztertuko dutela hitz eman zuten. Beste taldeek «begi onez» ikusten zuten ekarpena.Proposamena 2003ko urrian Elkarri-k hasitako bake konferentziaren segida da. Elkarri-k 122.513 sinadura bildu zituen, urriaren 20an hasi eta martxoaren 31n bukatu zuen kanpainan. Bizikidetasun esparrua adosteko alderdi politiko guztiak bilduko dituen elkarrizketa mahaia eratzeko proposamena bultzatzeko eskatzen zieten Nafarroako eta EAEko legebiltzarrei sinatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.