Bakea eta bizikidetza

"Bizikidetza guztien artean" egin behar dela nabarmendu dute Lopez de Lacalleren omenaldian

Gaurko egunez hil zuen ETAk Jose Luis Lopez de Lacalle kazetaria, Andoainen. "Bizikidetza behingoz normalizatzeko" garaia dela adierazi du Mari Paz Artolazabal alargunak, PSEk antolatutako ekitaldian.

Alain Lopez de Lacalle, Mari Paz Artolazabal, Maider Lainez, Daniel Garcia eta Eneko Andueza, gaur, Andoainen. JUAN HERRERO, EFE.
2019ko maiatzaren 7a
16:26
Entzun

Mari Paz Artolazabalek, Jose Luis Lopez de Lacalleren alargunak, "bizikidetza guztien artean" eraiki behar dela aldarrikatu du gaur, 2000. urtean ETAk hildako kazetariaren alde PSEk egindako ekitaldian. Horretarako, gertatutakoen "azterketa zorrotza" egin behar dela azaldu du, "herri honetan bizikidetza behingoz normalizatzeko". Ohartarazi du, ordea, "irakurketa kritikoa" egin beharra dagoela, "iragana ez zuritzeko". "Ez dut ezer gehiago erantsiko", esan du: "Atera ditzala bakoitzak bere ondorioak".

ETAk gaur hemeretzi urte hil zuen Lopez de Lacalle kazetaria, Andoainen (Gipuzkoa). Herriko PSEk antolatuta, oroimen ekitaldia egin dute han, eta besteak beste, parte hartu dute Maider Lainez PSEren Andoaingo idazkari nagusiak eta Eneko Andueza Gipuzkoakoak.

Artolazabalen ildotik, Lainezek gogora ekarri du "bere ideiak defendatzeagatik eta pentsalari librea izateagatik" hil zutela Lopez de Lacalle, eta nabarmendu du ezin direla ahaztu "haren ahotsa eta ETAk hildakoena". "Konplexurik gabeko ahotsa izan zen, beldurrik gabea". Memoria "kolektibo eta inklusiboa" eraikitzeko ardura "guztiena" dela azaldu du PSEkoak, baina ohartarazi du "benetan gertatu zenaren gainean" egin behar dela lan hori. "Hori ezin dugu egin batzuek gertatutakoa zuritzen badute eta gauzei bere izenez deitzen ez badiete. Ezinbestekoa da hemen gertatu denaren gaineko irakurketa kritikoa egitea, berriz errepika ez dadin".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.