Foro Sozial Iraunkorrak agerraldia egin du Nafarroako Parlamentuan, Nafarroako Foro Sozial Iraunkorra sortu dutela iragartzeko, azaroaren 4ko jardunaldiaren berri emateko eta armagabetzearen inguruan azken zortzi hilabeteetan eginiko lanaren balorazioa plazaratzeko.
Fernando Armendariz eta Teresa Fagoagak hartu dute hitza. Lehenik, azaldu dute ETAk jardun armatua eten eta bost urtera asko aurreratu dela baina zenbait gaitan ez dela urratsik egin edo txikiak izan direla: "Blokeoak gertatu dira: alde batetik, Espainiako eta Frantziako estatuek ez dute armagabetze arautua bultzatu nahi izan; bestetik, zailtasunak daude alderdi politikoen arteko elkarrizketa bultzatzeko gai hauen inguruan". Blokeook "ekimen guztiak ezerezean" eta bake prozesua "oso egoera zailean" utzi dutela uste dute.
"Urrats ausartak egiteko" prest dauden erakundeak eta pertsonak behar direla sinetsita, Foro Soziala iraunkor egitea erabaki dutela azaldu dute: "Iraunkorra izateak ez du esan nahi betiko izango dela gure ekimena. Iraunkorra izateak esan nahi du gure ekimenarekin bake iraunkorra bilatzen dugula, justizian oinarrituta". Eta, zehatzago, Nafarroako Foro Sozial Iraunkorra sortu dute, 11 lagunez osatua: Fernando Armendariz, Jose Luis Uriz, Begoña Uharte, Andoni Serrano, Espe Iriarte, Aitor Etxeberria, Tere Fagoaga, Juanje Soria, Carlos Aitor Yuste, Roberto Oiz eta Txemi Perez.
Azaldu dutenez, "oraindik sentiberatasun asko" falta dira: "Garbi utzi nahi dugu prest gaudela gure ateak irekitzeko, eta horixe da desio duguna. Dei egin nahi dugu, honen bidez, gure ekimen honetan parte hartu nahi duen orori bere ekarpena egin dezan eta batu dadin gurera".
Datorren ostiralean, jardunaldiak
Horrez gain, Hitzorduak izeneko ekimena aurkeztu dute. Lehen ekitaldia datorren azaoaren 4an egingo dute Nafarroako Legebiltzarrean, elkarbizitzaren gaia lantzeko: "Gai hau hautatu dugu uste dugulako Nafarroan oraindik lan handia egin behar dela bortizkeria mota ezberdinak pairatu eta elkarri bizkarra emanda bizi direnen artean zubiak altxatzeko".
Jardunaldiak bi mahai inguru izango ditu. Bertan bilduko dira bortizkeriaren adierazpen ezberdinak pairatu dituztenak: "Nafarroako gizartearen pluraltasuna errespetatu nahi izan dugu eta, lekukotasunen bidez, bortizkeria ezberdinak jasan behar izan dutenen arteko komunikazio zubiak eraiki, enpatiak sortu eta errealitate berri baterantz urratsak egitea bilatzen dugu". Bi mahai-inguruen errelatoa Kristian Herbolzheimerren esku egongo da. Conciliation Resources erakundeko kidea da, eta egindako ekarpenak nazioarteko esperientzien testuinguruan aztertuko ditu, bereziki Kolonbiako kasua aintzat hartuta.
Egitaraua
16.15: Akreditazioak.
16.45: Sarrera ekitaldia: Eskuzabaltasuna, adiskidetzerako zubi: Ainhoa Aznarez Igarza (Nafarroako Parlamentuaren presidentea eta Ahotsak taldeko kidea) eta Fernando Armendariz (Foro Sozialeko kidea).
17.00: Mahaingurua: Minetik, elkarbizitzarantz: Iñaki Garcia Arrizabalaga (Komando Autonomo Antikapitalistek bere aita Juan Manuel Garcia Cordero hil zuten 1980an, Gipuzkoan; Telefonica enpresako ordezkaria zen) eta Lourdes Zabalza (Mikel Zabalza bere anaia Guardia Zibilaren esku hil zen Intxaurrondoko kuartelean, 1986an). Moderatzailea: Inma Errea (Idazle eta itzultzailea).
18.00: Kafea.
18.15: Mahaingurua: Gizartea, elkarbizitzarako motorra: Aitziber Berrueta (Angel Berruetaren alaba. Espainiako polizia batek bere aita hil zuen Berruetak Iruñeko Donibane auzoan zeukan okindegian, 2004an), Jose Luis Uriz (PSNko zinegotzi eta parlamentario ohia. Bizkartzainekin bizi behar izan zuen 11 urtez), Ana Fernandez (Sara Fernandezen ahizpa. Trafiko istripuan hil zen, Valdemoroko espetxean preso zegoen Iñaki Etxeberria laguna bisitatu ondoren), Santiago Cervera (UPNko eta PPNko militante ohia), Julia Cid (Altsasuko PSNko zinegotzia. Hainbat urtez bizkartzainekin bizi behar izan zuen eta bere semeetako bat atxilotu zuten ETArekin zerikusia zuelakoan), Oihan Ataun (Torturak salatu zituen eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako estatua zigortu zuen salaketa horiek ez ikertzeagatik), Txema Jurado (ETArekin zerikusia zuelakoan espetxeratu zuten Udalbiltza kasuaren barruan, baina gero absolbitu zuten), Mercedes Sanchez (Atarrabiako zinegotzia zela, bizkartzainekin bizi izan zen urte asko), Eneko Etxeberria (Jose Miguel Etxeberria Naparra bere anaia bahitu eta hil egin zuen BVEk 1980an. Gorputza ez da egundo azaldu), Javier Alcalde Diaz (Bakea Helburu erakundearen kidea). Moderatzailea: Carlos Perez Conde (SER, COPE eta Noticias de Navarra-ko kazetaria).