Donostiak turistei begirako kanpaina aurkeztu du, gaur. Love San Sebastian. Live Donostia izango du lelo. Kanpainak Donostiaz gozatzera gonbidatzen ditu bisitariak, baita hiria maitatzera ere. Eneko Goia alkateak eta Ernesto Gasco Ekonomia Garapen, Merkataritza eta Turismo zinegotziak azaldu dituzte egitasmoaren xehetasunak, hedabideen aurrean egin duten agerraldian.
Udal arduradunek azaldu dutenez, kanpainak hainbat aholku emango dizkie bisitariei hiria ezagutu eta hartaz goza dezaten, bizilagunak errespetatuz. Gomendio horien artean daude espazio publikoak garbi mantentzea, gaueko atsedena errespetatzea, hondartzak gozatzea, garraio publikoa erabiltzea, tokiko merkataritza laguntzea, ostatu duten etxebizitzako bizilagunekiko begirunea izatea, pintxoak jateko argibideak edo euskal kulturari buruzko zenbait azalpen, tartean euskararen gainekoak. Goiaren esanetan, kanpainak "nabarmentzen du hirian bere bizimoduarekin jarraitzen duen jendea bizi dela eta, beraz, beharrezkoa dela beren egonaldia bertan bizi direnen ohiturekiko errespetuzkoa izatea".
Kanpaina euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingeleraz zabalduko du udalak, eta, horretarako, Gipuzkoako Ostalarien Elkartearen, Gipuzkoako Hotelen Elkartearen eta San Sebastian Shopss elkartearen laguntza izango du.
Kazetariek alkateari galdetuta turismo eredu jakin baten kontrako kanpainarik espero duen, Goiak baietz erantzun du, eta "hausnartzeko" eskatu die halakorik bultzatzeko asmoa izan dezaketenei. Izan ere, haren esanetan, kanpaina horiek "suntsitzaileak" eta "arduragabeak" dira, hiriaren ospeari kalte egiten diotelako. "Beste lurralde batzuk bisitatzea gure bizimoduaren parte den mundu batean bizi gara, eta ziur nago era desegokian protesta egiten dutenetako asko ere bisitariak direla beste toki batzuetan, eta ongi etorriak izatea gustatuko zaiela".