Katalunia. Erreakzioak Euskal Herrian

Bizitza duinaren defentsan

Sindikatuek agerraldi bateratua egin dute, erreferenduma egitea «delitua» ez dela aldarrikatzeko. Diotenez, «errepresioak eta mendekuak» ez dute «azken hitza» izango

Sindikatuen agerraldi jendetsua, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Euskal Herrian gehiengoa osatzen duten sindikatuak —ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru batera agertu dira Bilbon, erreferenduma egitea «delitua» ez dela aldarrikatu eta espetxeraturiko buruzagi independentista katalanei elkartasuna adierazteko. Langileei kalera jotzeko deia egin diete: haien ustez, egunotan Katalunian gertatzen ari denak zuzenean eragiten die euskal langileei. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk esan duenez, «demokrazian sakontzea eta burujabetzan aurrera egitea ere badira sindikatuok lortu nahi dugun bizitza duinaren aldeko borrokaren parte bat».

Sindikatuetako ordezkariek irakurritako agirian azaldu dutenez, Espainiako Estatuak «mezu beldurgarria» helarazi nahi izan du epaiaren bidez: «Gure etorkizunari buruzko erabakia noizbait hartzeko itxaropena galarazi nahi digu; erakusten ari dira nola joko duten edonoren kontra, noizbait gauzatu nahi badugu Kataluniak edo Euskal Herriak ahotsa eta hitza izatea». Baina horren aurrean argi utzi nahi izan dute «eskarmentuak, errepresioak eta mendekuak» ez dutela «azken hitza» izango.

Sindikatuen ustez, mobilizatzea «premiazkoa» da, eta horregatik «demokraziaren, politikaren eta elkarrizketaren aldeko jarrerari» eutsi eta Gure Esku-k antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete langileei. Horretaz gain, sindikatuek mobilizazioak egingo dituzte lantokietan bihar, Katalunian greba orokorra antolatua den egunean.

Izaera «antidemokratikoa»

Sindikatu guztiek sinatutako agiria irakurri ostean, bi sindikatu nagusietako idazkariek parte hartu dute: ELAko Mitxel Lakuntzak eta LABeko Garbiñe Aranburuk, hain zuzen. Aranburuk esan duenez, epaiak, eta joan den astean Altsasuko gazteen kontra ebatzitakoak, agerian uzten dute «Espainiako Estatuaren izaera antidemokratikoa», eta alderdi espainiarrek ez dutela inolako borondaterik «lurralde ereduaren auziari irtenbide demokratikoa emateko». Esan duenez, horren aurrean ez dago «jarrera distantziakiderik» izaterik: «Edo demokraziaren alde gaude, edo autoritarismoa elikatzen dugu».

Aranbururen esanetan, mezu «argia» bidali nahi izan dute epaiarekin: «Herriari hitza ematea garesti ordaintzen da, baita kartzelarekin ere». Horretaz gain, manifestazio, adierazpen eta desobedientzia baketsurako eskubideei «muga berriak» ezarri nahi izan dizkiete.

Baina autodeterminazioaren aldeko gehiengo bat dagoenean, hura gauzatzea «denbora kontua» da, Aranbururen esanetan: «Guk denborak laburtu nahi ditugu, demokrazian sakontzea eta burujabetzan aurrera egitea ere badirelako sindikatuok lortu nahi dugun bizitza duinaren aldeko borrokaren parte bat».

ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak esan du epaiaren xedea dela «1978tik sortu den agerraldi errepublikano eta demokratikorik indartsuena itotzea», eta hasiera-hasieratik agerraldi horren buruzagiak espetxeratu dituztela «oinarririk gabeko akusazio bat zela medio».

Lakuntzaren arabera, «beharbada» epaia «Espainiako Erregea» hasi zen idazten «estatuko aparatuei agindu zienean Konstituzioa defenditzeko. Berriz ere argi geratu da Espainian botere banaketarik ez dagoela; Altsasuko auzian bezala epai politikoa dugu hau, mendekua bilatzen duena, ez justizia».

Lakuntzak «ezin justifikatuzkotzat» jo ditu buruzagi independentisten kontrako zigorrak, baina bereziki gogorarazi du akusatuetako batzuei bederatzi urteko kartzela zigorrak ezarri dizkietela «soilki manifestazioak antolatzeagatik». Kataluniako eragile politikoak zoriondu ditu, «pultsu politikoari» eusten ari direlako, «Euskal Herrian ez bezala». Esan duenez, «gure herrian amore ematen zaio politikoki posizio hauek defendatzeari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.