Hondakinak

Bizkaia errautsak erabiltzen hasiko da errepideak egiteko

Hiru urtez probatuko dituzte, eta gero aztertuko dute nola erantzuten duten asfalto berriek. Diputazioak eta ur partzuergoak sinatu dute lankidetza hitzarmena.

mikel p ansa
2013ko otsailaren 26a
18:36
Entzun

Datozen urteetan errautsak erabilik ditu Bizkaiko Diputazioak, errepideak egiteko, Unai Rementeria bozeramaileak gaur jakinarazi duenez.

Araztegietan tratatutako uretatik sortzen diren lohien portzentaje bat erraustu egiten dute Bizkaian, eta prozesu horretan sortutako errautsak erabiliko dituzte asfaltoak egiteko.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak sinatu dute akordio bat, probak egiteko. Hiru urte iraungo dute probek, eta herrialdeko hainbat errepidetan egingo dituzte.

Errautsekin ekoiztutako asfalto zatiak jarriko dituzte, eta hurrengo bizpahiru urteetan aztertu egingo dute nolako portaera duten errepide zati horiek.

Probak egin ostean materiala erabilgarria dela ikusiz gero, material horiek homologatzeko lana hartuko du diputazioak. Partzuergoarekin sinatu duen kontratua hiru urterako da, baina luzatzeko aukera dute aldeek.

Errautsak erabilita, karea, kare hautsa eta zementu gutxiago gastatzea lortuko litzateke, Rementeriaren hitzetan.

Bozeramaileak erantsi du munduko hainbat tokitan ari direla errautsak erabiltzen asfaltoa egiteko; Amerikako Estatu Batuak eta Herbehereak jarri ditu adibidetzat. Euskal Herrian, baina, halako asfaltoa erabiltzen den lehen aldia izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.