Bizkaiko Batzar Nagusietan fracking-aren gainean proposatutako hiru egitasmoak ez dira aurrera atera. Bizkaia fracking gabeko lurralde izendatzea proposatu du Bilduk, eta, horrekin batera, diputazioari energia berriztagarrien aldeko "politika aktiboak" ezartzeko deia egiten dio. Asier Vega batzarkideak PSEk eta PPk gaiaren inguruan hartutako jarrera salatu du. Vegak dioenez, Bizkaian aurkeztu duten proposamena Gipuzkoan onartu denaren "kopia bat" da —Gipuzkoan egitasmoa babestu dute bi alderdiek—.
PSEk, berriz, Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu die enpresei lizentziak eman aurretik ustiapenek izango dituzten eraginen gaineko eztabaida sustatzeko. Isaac Fernandez PSEren ordezkariaren arabera, beharrezkoa da gardentasuna eta "legedi argi bat" izatea.
PPk uste du fracking-aren gainean "eztabaida antzua" sortzen ari dela, eta "mehatxu faltsurik" ez sortzea galdegin die alderdiei. Baliabideak ikertzearen eta ustiaketarako tekniken erabilera "zuhur" baten alde agertu da.