Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dute kontuan hartu haur lapurtuen kasuak ikertzeko batzorde bat osatzeko eskaera. PPk aurkeztu zuten eskaera, eta EAJk, PSE-EEk eta Bilduk aurka bozkatu dute. Horien arabera, Bizkaian batzorde bat sortzea ez da beharrezkoa, Eusko Legebiltzarrean auzia ikertzeko batzordea osatu eta gero.
Aurka bozkatu duten alderdiek Bizkaiko Foru Aldundiari eta udalei eskatu diete Legebiltzarrean sortu den batzordearekin elkarlanean aritzeko.
Carmen Carron PPko batzarkideak berretsi du Bizkaiko Batzar Nagusiei dagokiela bizkaitarren interesak defendatzea eta salatu du aurka bozkatu duten alderdiak Gipuzkoan batzordea sortzearen alde agertu zirela.
Jon Larrea EAJko batzarkidearen arabera, senideei laguntzeko modurik onena "elkarrekin" egitea da, eta behin Legebiltzarreko batzordea osatuta, beste baten sorrera "zentzurik gabe" dela dio.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 200 salaketa baino gehiago aurkeztu dira lapurtutako haurren edo legez kanpoko adopzioen kasuekin. Horietako 48 Bizkaian izan dira.