Garraioa

Bizkaibus kudeatzen duten enpresek 20 milioi irabazi zituzten orotara 2012tik 2014ra

ELA sindikatuak epe horretan zerbitzua kudeatzeaz arduratzen ziren sei enpresaren irabaziak begiratu ditu Merkataritza Erregistroan. Salatu dutenez, negoziazioetan enpresek dirua galtzen dutela esaten diete, eta hori gezurtatu nahi izan dute.

Ibai Maruri Bilbao.
2016ko apirilaren 21a
08:12
Entzun

Bizkaibuseko langile batzordea eta zerbitzua kudeatzen duten enpresak negoziazioetan dabiltza: 2014an sinatutako akordioa ez betetzeak sortu duen gatazka konpondu nahi dute. "Enpresek betiko leloak errepikatzen dizkigute: 'Dirua galtzen ari gara', 'negozioak ez du ematen'... Eta esamolde horiek ez dira berriak", azaldu du Iñaki San Andres ELAko ordezkariak goizean egindako agerraldian. Gezurtatu egin nah izan ditu, eta, horregatik, Merkataritza Erregistrora jo dute datu bila. 2012tik 2014ra bitartekoak lortu dituzte. Epe horretan zerbitzua kudeatzen zuten sei enpresak guztira 20,2 milioi euro irabazi zituzten.

San Andresek aitortu du adjudikazioak aldatu baino lehenagokoak direla. "Baina orain ere enpresa berak dira zerbitzua kudeatzen dutenak, izena aldatuta". Beraz, iruditzen zaio orduko argudioek eta oraingoek ez dutela baliorik. "Enpresa guztietan saiatu dira lan baldintzak okertzen, orain lehen baino gehiago. Baina urte horietan enpresek mozkinak banatu zituzten akziodunen artean. Gure lan baldintzak, ostera, gero eta txarragoak dira".

Ohartarazi du enpresa horiek Bizkaiko Foru Aldundiak emandako dirua jasotzen dutela. Batez beste, 80 milioi euro urtero. Bidaia bakoitzaren %80 finantzatzen du diputazioak, eta gainontzekoa bidaiariak ordaintzen du. "Esku batez hartzen dute aldundiaren dirua, eta beste eskuaz langileei banatzen diete, baina esku batetik bestera aldatze horretan diru mordoa doa zuzenean beraien sakeletara".

Aurretik konponbideren bat aurkitu ezean, maiatzean lehen lanuzteak egingo dituzte. Protesta horiek bi, hiru eta lau ordukoak izango dira, egun tartekatuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.