Garraioa

Bizkaibuseko langileek "normaltasunez" egin dute lehen lanuztea

18:00etatik 20:00etara egingo dute bigarren etenaldia. 2014ko akordioak betetzea eta lan hitzarmen berria adostea eskatu dizkieten enpresei.

Bi orduko lanuztea egin dute Bizkaibuseko langileek goizean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS
Ibai Maruri Bilbao.
2016ko maiatzaren 4a
08:32
Entzun

Bi orduz geldi egon dira Bizkaibuseko autobusak goizean, 07:30etik 09:30era. Tarte horretan gutxieneko zerbitzuak %30ekoak izan dira. Geltoki askotan ilara luzeak sortu dira. Eta erabiltzaile batzuk igo ezinik geratu dira, hurrengo autobusaren zain. Asko ezustean harrapatu ditu. Sindikatuek azaldu dutenez, erabatekoa izan da jarraipena.

Duela bi urte egin zuten azken protestaldia Bizkaibusen. Bizkaiko Foru Aldundiak zerbitzua birmoldatu zuen orduan. Lanpostuak amortizatuko ziren beldur ziren langileak. Halakorik ez zutela egingo hitz eman zieten enpresek gatazkari konponbidea eman zion akordioan. Baina orain salatu dutenez azken urtean amortizazioak izan direla ohartu dira: "Ez dute inor kaleratu, baina ikusi dugu jubilazio kasuetan lanpostu horiek ez direla bete". Iñaki San Andres ELA sindikatuko ordezkariaren esanetan, hitzarmen hartan, birmoldaketaren ondorioz kenduko ziren lineak berriekin ordezkatzeko konpromisoa hartu zuen diputazioak. Batzuk dagoeneko martxan daude, eta falta direnak iaz ipini behar zituzten. "Sortuko dituztela esaten digute, baina noiz? Epea pasatu da". Garraio Sailarekin urtarrilean bildu ziren azkenekoz.

Gaurko bigarren etenaldia 18:00etatik 20:00etara egingo dute. Datozen egunetan gatazka konpontzeko aurreakordiorik lortu ezean, hurrengo protesta eguna astelehena izango da, maiatzaren 9a.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.