7.813 milioi euroko aurrekontua onartu dute Bizkaiko Batzar Nagusiek. Diru kopuru horretatik, ordea, kupoa eta Eusko Jaurlaritzari eta udalerriei ordaindu beharrekoa kenduz gero, ia 1.400 milioi eurokoa izango da Bizkaiko Foru Aldundiak zuzenean kudeatuko duen diru kopurua.
EAJk eta PSE-EEk euren erabateko gehiengoa baliatu dute aurrekontuak aurrera ateratzeko. Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeriak esan du jarduera ekonomikoa eta enplegua direla aurrekontu horietako lehentasunak, eta 2018. urtea Bizkaian "ikusgarria" izango dela.
Oso bestelako iritzia eman du oposizioak. EH Bilduko Arantza Urkaregik esan du "pertsonak" ez direla aurrekontu horietako lehentasun, "azpikontratak eta azpiegiturak" baizik, eta Ahal Dugu-ko Asun Merinerok "Petronor eta Confebasken ordezkari" izatea leporatu die EAJ eta PSE-EEri.
Aurrekontuen inguruko negoziazioetan, mahai gainean egon da PPk aurrekontuak babesteko aukera. PPko Javier Ruizek gogoratu duenez, popularrek ez zioten osoko aldaketarik aurkeztu aurrekontuen egitasmoari "borondate oneko keinu" gisa, baina, azkenik, PPk proposatutako aldaketetatik gutxi batzuk baino ez dituzte onartu gobernuan dauden alderdiek —33 milioi euroren aldaketak proposatzen zituzten, eta 75.000 eurorena baino ez dute onartu—, eta, ondorioz, PPk ere kontrako botoa eman du.