Bizkaiko Aldundiak baimena eman du zahar etxeetako adinekoei bisita egiteko

Kasu berezi batzuetan egin ahalko dira bisitak, eta bisitariek jantzi bereziak eraman beharko dituzte.

Bakarrik kasu berezietan jaso ahalko dute bisita zaharren egoitzetako egoiliarrek. JON URBE / FOKU
Edu Lartzanguren.
2020ko apirilaren 27a
17:15
Entzun

Agindua bidali die Bizkaiko Foru Aldundiak zahar etxeei, egoiliarrek bisitak jasotzeko modua jar dezaten. Edonola ere, bisitak neurri zorrotzekin egin beharko dira, eta kasu berezi batzuetan.

Hiru taldetan banatu dituzte egoiliarrak: sintomarik gabekoak, gaixoak edo sintomak dituztenak, eta sendatu direnak.

Lehenengoei astean behin bisita bat egin ahalko diete senideek. Bisita aurretik antolatu beharko da, eta egoitzako leku berezi batean egin beharko da, gainerako egoiliarrekin harremanetan ez jartzeko. Ahal bada bisita beti kanpoko senide berak egiteko eskatuko dute. 

Betiere, bisitariak ezingo dira arrisku taldeetakoakl izan, eta jantzi bereziak eraman beharko dituzte. Gainera, ezingo dute ukitu egoiliarra, metakrilatozko pantaila bat jarriko baitute bien artean.

Bigarren taldekoek –sintomadunek eta gaixoek– ez dute bisitarik edukiko, salbuespenak salbuespen.

Sendatu direnek, ordea –baldin eta testetan negatibo eman badute–, pertsona baten bisita jaso dezakete astean behin, eta neurri zorrotzak hartuta, hau da, lehen taldeko egoiliarrek bezala. Halere, besarkadak eta bestelakoak eman eta jaso ahalko dituzte, ez baita egongo pantailarik banantzeko. Edonola ere, bisitariek jantzi bereziak eraman beharko dituzte.

Bisitak kasu berezi batzuetan eskatu ahalko dira bakarrik: egoiliarra hilurren dagoenean; egoera ulertzeko edo telefonoa, tableta edo beste baliabideak erabiltzeko modurik ez duenean; eta sendagileek deritzotenean bakartzea kalte psikologiko handia egiten ari zaiola egoiliarrari.

Gainerako kasu guztietan, bisitak debekatuta egongo dira aurrerantzean ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.