Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak gaur Onda Vasca irratian iragarri du aldundiak ez duela berrituko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin Gipuzkoako hondakinak jasotzeko duen ituna.
Bilbaok salatu du azkenaldian "hitzontzikeria" egon dela Gipuzkoako Aldundiaren aldetik. "Ituna elkartasun ekintza gisa sinatu zen, Gipuzkoak hondakinak kudeatzeko plana martxan jartzen zuen bitartean", esan du. Bilbaok dio plan hori Bizkaikoaren "antzekoa" izanez gero ez legokeela arazorik, orain "Bizkaian hondakinekin arazorik ez dagoelako".
Ituna ekainaren 12an amaituko dela gogorarazi du Bilbaok. Ituna sinatu zenean, bi diputazioek adostu zuten Gipuzkoako 25.000 tona hondakin hartuko zituela Bizkaiak urtero.
Bizkaiko Aldundiak otsail amaieran ohartarazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak ez bazuen hondakinen kudeaketa plana zertan den argitzen ez zuela "Gipuzkoako hondakinik" gehiago hartuko.
Ez dago atzera bueltarik
Juan Mari Aburto Bizkaiko Aldundiko bozeramaileak esan du Bizkaiak ez diela irtenbidea eman behar "beste lurralde batzuetan dauden egoerei". Adibide bat aipatu du argibideak emateko: "Demagun gure lagun bati gure etxea uzten diogula bere etxean obrak egiten dituzten bitartean. Hilabete batzuk igaro ondoren lanak geldirik daudela ikustea eta lagunak gure etxean jarraitzen duela ikustea bezalakoa da hondakinekin gertatu dena".
Aburtok ziurtatu du ez dagoela atzera bueltarik eta ez dutela erabakia aldatuko.
Gipuzkoako Ingurumen diputatuak "Bizkaiaren presio politikoa" salatu du
Juan Carlos Alduntzin Gipuzkoako Ingurumen diputatuaren esanetan, Bizkaiak "hitzarmena hausteko inongo arrazoi objektiborik ez du, Gipuzkoako Aldundiak hitzez hitz bete baitu hitzarmenean esandakoa". Alduntzinek "gogor gaitzetsi" du "Bizkaiko Aldundiaren presio politikoa, hura ez delako inor Gipuzkoako hondakinak nola kudeatu behar dituen esateko".
Alduntzinek deritzo errauste planta eraikitzea lehenesten duela EAJk eta horregatik ari direla "presio onartezin" hori egiten. "Baina Bizkaiko arduradun politikoek iragarritako erabakia ez da oztopo izango Gipuzkoan zero zabor politikan aurrera egiteko. Izan ere, Europako Batzordeko irizpideei jaramon eginez, zero zabor politikaren bidetik segituko du Gipuzkoako Aldundiak. Hondakinak murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea lehentasunezkoak da".
Rebeka Ubera Gipuzkoako Batzar Nagusietako Aralarreko bozeramaileak erabakia "berriz aztertzeko" eskatu dio Bizkaiko Aldundiari.