2024ra bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiak 2,7 milioi euroko inbertsioa egingo du Gaztelugatxeko sarbideak hobetzeko. Aldundiak azaldu du 51 plazako aparkaleku bat egingo duela, autobusentzat eta autoentzat. Imanol Pradales Azpiegitura diputatuak azaldu du biotopotik kanpo eraikiko dela, aldundiaren esku dauden lurretan. Aparkalekua 2021. urte amaierarako bukatua izatea espero dute, eta 991.000 euroko kostua izango du.
Erakundeak adierazi du obra Gaztelugatxek turisten artean duen indarrari etekina ateratzeko aldundiaren estrategiaren barruan dagoela, eta azaldu du jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzea duela helburu. Izan ere, udan %15,08 igo da eremua bisitatu duen turista kopurua, aurreko urteko epe berarekin alderatuta. Guztira 384.000 lagun joan dira Gaztelugatxera ekaina eta iraila artean.
Aipatutako aparkalekuaz gain, BI 3101 errepideko irteera hobetu nahi dute, eta bertako autobus geltokia mugitu. Horrek 444.500 euroko kostua izango du, eta 2021. urtea amaitu aurretik prest egotea espero dute. Bermeo eta Bakio arteko bidea garraio publikoa igarotzeko prestatzeak, berriz, 309.000 euroko gastua ekarriko du. Hori 2024an amaitzea aurreikusten dute. Bermeo eta Matxitxako artean oinezkoentzako eta bizikletentzako bide bat ere eraikiko dute, 7,5 kilometro luze izango dena. Azken obra horrek milioi bat euro balioko du, eta 2022an amaitzea espero dute.
SOS Gaztelugatxe, aurka
SOS Gaztelugatxe plataforma aldundiak eraiki nahi duen aparkalekuaren aurka agertu da. Haien ustez, auto pribatuen erabilera sustatuko du eremuan. Plataformak eskatu du garraio publikoaren aldeko apustua egiteko, eta sinadura bilketa bat abiatu dute change.org webgunean; 20.000tik gora eskuratu dituzte. "Aldundiaren arabera, helburua trafikoa gutxitzea eta ordenatzea da. Baina, beste aparkaleku batekin, autoa erabiltzea bultzatuko dute", azaldu zion aurreko astean Libe Arenaza kideak Bizkaiko Hitzari.