Politika

Bizkaiko bederatzi gazteen defentsak Auzitegi Konstituzionalera joko du

Auzitegi Nazionalaren kartzelatze agindua salatzeko, gaur 20:00etan manifestazioa egingo dute Bilbon. Arantza Zulueta abokatuaren ustez, "eman den epaiaren txostena ez dator inola ere bat legearekin".

2007ko abenduaren 18a
15:45
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak bi urteko kartzela zigorra daukaten bederatzi bizkaitar gazte atxilotzeko agindua eman dutela-eta -Igor Zearreta eta Egoitz Fernandez atzo atzeman zituen Ertzaintzak-, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joko dutela jakinarazi du gaur Arantza Zulueta abokatuak, Askatasunarekin eta oraingoz aske diren zazpi gazteekin gaur Bilbon emandako prentsaurrekoan. Gazteok edozein unetan atxilotu ditzakete, eta batzuk espetxera joateko poltsa hartuta joan dira agerraldira.

Auzitegiaren kartzelatze agindua salatzeko, gaur 20:00etan manifestazioa egingo dute Bilbon, Plaza Biribiletik abiatuta. Horrez gain, larunbaterako ere manifestazioa antolatu dute; 19:30ean hasiko da Bilbon, Jesusen Bihotzetik.

Zuluetak esan du fiskalarekin akordioa egina zutela gazte haiek ez kartzelara sartzeko, “baina, bat-batean, akordioa apurtu dute. Gazte hauek arriskutsuak izan daitezkeela diote, etorkizunean delituak egin ditzaketela. Horiek ez dira legeak kartzelaratzeko jasotzen dituen arrazoiak”.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalean “dena irabazteko" dutela esan du Zuluetak, "eman den epaiaren txostena ez datorrelako inola ere bat legearekin. Bide guztiak agortuko ditugu, ordurako gazte hauek espetxean egon arren”.

Bi urtetik beherako zigorrak ez betetzeko aukera ematen du Espainiako Zigor Kodeak eta bere garaian aske utzi zituzten zigor hori jaso zuten bederatziak. Orain, ordea, fiskalak aukera hori emateari uko egin dio, eta horregatik eman du epaileak haiek espetxeratzeko agindua.

Abokatuaren ustez, “Euskal Herrian salbuespen egoera" ezarri nahi du Espainiak. “Gainera, modu ezkutu batean egiten dute. Eskubideak etengabe urratzen dituzte, eta horretarako justizia erabiltzen dute, Euskal Herrian errepresioa ezartzeko”.

Iñaki Peñak hitz egin du zigortuen izenean. “Gorroto izugarria sortu digu honek, baina lanean eta borrokan jarraituko dugu, Euskal Herriaren eskubideen alde, sozialismoa eta independentzia lortu arte, kartzelan sartu edo ez”.

2004 eta 2005 urteetan Guardia Zibilak Baltasar Garzon epailearen aginduz Bizkaian egindako sarekada da oraingo atxiloketen abiapuntua. ETArekin zerikusia izatea egotzita hamahiru lagun atxilotu zituzten, asteak iraun zituen polizia operazioan. Batik bat, Bilbon atxilotutako gazte kopuru handia, eta atxilotuek salatutako torturak izan dira auziaren ezaugarri nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.