Datorren urteko arrantza kuoten inguruko akordioa iritsi dute bart goizaldean EB Europako Batasuneko arrantza ministroek, eta hitzarmen horren baitan onartu dute Kantauri itsasoan antxoa arrantzatzeko debekuari eustea, baina jardun horretan hasteko ate bat zabaldu dute: apirilaren 15etik ekainaren 15era bitartean 28 itsasontzik -Bizkaia, Gipuzkoa, Galizia eta Espainiako 20k eta Lapurdi eta Frantziako 8k- "arrantzaldi esperimentalean" aritzeko aukera izango dute. Funtsean, arrantzan aritzeko baimena izango dute itsasontzi horiek, eta haiek adieraziko dute, nolabait, espeziea ugaritzen ari den. EBren arabera, zientzilariak joango dira ontzietan arrantzaleekin batera.
Euskal Herrian ez du oso harrera ona izan erabaki horrek. Batetik, Jaurlaritzak erabaki hori ez dela antxoa babesteko aski iritzi dio. Gonzalo Saez de Samaniegoren saiburuaren arabera, akordio hori ez da txarra, baina, halaber, ez ditu hartzen antxoa babesteko behar adinako neurriak. Azken batean, "arrantzaldi esperimental" horiek abiatzearen kontra agertu da Samaniego, eta "iruzurrerako" bidea irekitzen ote duen kezka agertu du. Jaurlaritzak arrantzaldi hori behar bezala egin dadin kontrol neurri zorrotzak hartuko dituela esan du.
Samaniego baino askoz ere haserreago agertu dira Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradietako arrantzaleak. Iñaki Zabaleta Bizkaiko arrantzaleen presidenteak "izugarrikeriatzat" jo du EBren erabakia, eta, funtsean, antxoaren arrantza baimentzen duela salatu du. "Erabateko hondamena da, kalte handia", esan du, eta "arrantza esperimentala" baimentzean ez dela arrantzarako inolako kuota mugarik ezartzen azpimarratu du. "Lehen kuotaren %90 Espainiarentzat zen eta %10 Frantziarentzat. Orain hori hautsi egingo da, arrantzaldi esperimental horretan ez baitago kuotarik eta nahi duten guztia arrantzatu ahal izango baitute". Neurria zientifikoa barik politikoa dela gaineratu du. Jaime Tejedor Gipuzkoako kofradien presidenteak antzeko kritikak egin ditu.
Antxoaren arrantza
Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradientzat "izugarrikeria" da EBk onartutako "arrantza esperimentala"
Jardun "esperimental" horretan bldutako arraina saldu egin ahal izango dutela salatu dute, eta, ondorioz, EB Europako Batasuna antxoaren arrantza baimentzen ari dela. EBko arrantza ministroek Kantaurin antxoa arrantzatzeko debekuari eustea erabaki dute, baina baina apirilaren 15etik ekainaren 15era bitartean 28 itsasontziri "arrantzaldi esperimentalak" egiteko baimena emango zaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu