Klima aldaketari aurre egiteko neurri eraginkor globalak hartu ezean, zortzi hamarkada barru Euskal Herriko itsas maila 80 zentimetro altuagoa izango da. Horrek, nola ez, eragin zuzena izango luke euskal kostaldearen itxuran, hondartzen, dunen eta paduren galera ekarriko lukeelako, eta, ibai ibilguneen bitartez, barnealdean ere nabarituko litzateke.
Bada, egoera kezkagarri horri aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak klima aldaketaren erronkaren aurrean Hegoaldeko itsasertza babesteko lurralde plan sektorial (LPS) berriaren aurrerapena aurkeztu die, aste honetan, Gipuzkoako eta Bizkaiko udalei eta aldundiei. Lehen bilera atzo egin zuten, Donostiako Tabakalera zentroan, eta gaur, berriz, Bilboko Bizkaia Aretoan errepikatu dute.
LPSak irizpide, jarraibide eta oinarrizko arauak jasotzen ditu, kostaldeko udalek haien hirigintza planak klima aldaketaren aurreikuspenetara egokitu ditzaten. Plangintza berri horrek 2007. urtetik indarrean dagoen Itsasertzeko LPSa eguneratu nahi du, hura arau berrietara eta 2019an onartutako lurralde antolamenduko jarraibideetara egokitzeko.
Aste honetako topaketen bidez, plan berria publikoki aurkezteko prozesua ireki da, eta, urte amaierara arte, Lurralde Plangintzak erakundeen, lurralde elkarteen eta GKEen ekarpenak jasoko ditu, besteak beste. Jaurlaritzaren asmoa da planak 2022ko udarako hasierako onespena jasotzea, eta 2023ko udarako, berriz, behin betikoa izatea.
Datu kezkagarriak
LPSaren aurrerapenak bi urte hartzen ditu aurreikuspenetarako erreferentzia gisa: 2045. eta 2100. urteak. Lehenengoaren kasuan, hipotesia da ordurako itsas maila 17 zentimetro haziko dela, eta bigarrenaren kasuan, berriz, bi aukera jasotzen ditu: Parisko Akordioan klima aldaketa arintzeko zehaztu ziren neurriak hartuko balira, 2100erako itsas maila 53 zentimetro igoko litzateke, eta neurririk hartu ezean, berriz, hazkundea 80 zentimetrokoa izango litzateke. Azken aurreikuspen hori izango da LPSaren osaketarako oinarri gisa hartuko dena.
LPSak jasotzen duen eremuan bizitegi lurzorua diren 10.504 hektarea daude. Egun, horietatik 118,7k uholde arriskua dute, eta 2100erako, berriz, urpean geratzeko arriskua duten hektareak 290 izango dira. Hala, intzidentzia mapek erakusten dute fenomeno horrek eragin berezia izango duela Getxon, Erandion, Trapagaranen, Bakion, Bilbon, Zumaian, Zarautzen, Hondarribian eta Irunen, besteak beste.
Halaber, itsas mailaren igoerak Hegoaldeko hondartzetan izango duen eragina nabarmentzen du LPSak. Izan ere, hondartza lehorraren azaleraren –marearen igoerarekin urak hartzen ez duena– heren bat galdu egingo litzateke, 78 hektareakoa izatetik 51,6koa izatera pasata. Kontxako (Donostia), Zumaiako eta Aiako kasuetan, berriz, galera hori %70etik gorakoa izango litzateke.
Era berean, klima aldaketarekiko bereziki sentikorrak diren duna eta padurei ere erreparatu die azterketak. Padurei dagokienez, egun dituzten 315 hektareatatik soilik laurdena geratuko litzateke 2100ean, eta eraginik handiena Urdaibain, Butroen, Orion eta Txingudin nabarituko litzateke.
Kostalde osorako plana
LPSak Hegoaldeko kostaldeko 176 kilometroak jasotzen ditu, itsasertzetik 500 metrora dagoen lur eremua barne hartuta, eta guztira 63 udalerri biltzen ditu, 1.293.000 biztanleri eraginda. Kostaldearen %81 gune harritsuak eta itsaslabarrak dira, %1 itsasadarrak eta estuarioak, %8 hondartzak eta %10 azpiegiturak, portuak batik bat.
Etorkizunera begira aurkezturiko errealitate kezkagarri horri aurre egiteko proposamenen artean, udalei gomendatzen zaie industria azpiegiturak eta bizitegi proiektuak urpean gera daitezkeen eremuetatik aldenduta eraikitzea. Gainera, hartu ditzaketen neurri jakin batzuk ere jasotzen dira planean, hala nola drainatze jasangarriak sustatzea eta uholdetarako ponpaketa eta babes sistemak prestatzea.