Bizkaiko Foru Aldundia akusazio partikularra izango da Zaldibarko luiziaren auzian

«Mugimendu esanguratsurik» egon ez arren luizi gehiago gertatzeko arriskua dagoela onartu du Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, pitzadurak daudelako, horietako batzuk «handiak».

Unai Rementeria, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko otsailaren 26a
15:56
Entzun

Bizkaiko Foru Aldundia akusazio partikularra izango da Durangoko epaitegiak Zaldibarko zabortegiko luiziaren harira irekitako auzian. Hori ziurtatu du Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak gaur goizean, Bizkaiko Batzar Nagusietako kontrol saioan.

Ia hiru aste igarota, oraindik zabor azpian jarraitzen dute bi langilek. Rementeriak EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi erantzunez esan du lurraren ezegonkortasuna dela «etsai handiena». «Oso arazo larria izan zen hasieran, eta oraindik luizi gehiago gertatzeko arriskua dago», ohartarazi du. Hori dela eta, «zuhurtzia handiarekin» aritu behar izan dute, biktima gehiago ez egoteko. Rementeriaren arabera, adituek esan dute hondakindegian ez dagoela «mugimendu esanguratsurik» eta lurra egonkortzen ari dela, baina azpimarratu du luizi gehiago gertatzeko arriskua dagoela, pitzadurak daudelako, horietako batzuk «handiak». Hori saihestearren langileak lanean ari direla nabarmendu du ahaldun nagusiak. «Denbora asko beharko da, eta hilabeteetako lana izango da». Zortzi metro luzeko horma bat eraikitzen hasita daudela azaldu du, Zaldibar parean AP-8 errepidearen «segurtasuna hobetzeko», eta erantsi du protokolo bat martxan daukatela «alerta txikienaren aurrean» autobidean nola jokatu jakiteko eta trafikoa desbideratzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak egindako lanaz ere aritu da Rementeria. Ziurtatu du larrialdiari erantzuten aritu direla lehen minututik, baina onartu du agian akatsak egin dituztela «krisiaren kudeaketan», eta gauza batzuk hobeto egin zitezkeela. Nabarmendu du hasieratik lehentasuna izan dela desagertutako bi langileak aurkitzea, eta haien familiei «errespetua eta elkartasuna» helarazi die. «Ea ahalik eta azkarren aurkitzen ditugun!». Horretarako «ahal duten guztia» egiten ari direla ziurtatu du.

Desagertutakoen senideak ez ezik, luiziaren inguruko herritarrak ere izan ditu hizpide, eta esan du ulertzen dituela haien «haserrea eta beldurrak».

Inguru horretan lanean ari direnei eskerrak eman dizkie Rementeriak, eta erakundeen arteko koordinazioa «erabatekoa» dela nabarmendu du. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek zalantzan jarri dute koordinazio hori, eta gertatutakoa argitzeko eskatu dute. Bea Ilardia EH Bilduren Bizkaiko Batzar Nagusietako bozeramaileak esan du hasierako orduetan «koordinazio falta argia» egon zela. «Zabortegiko luizia ez da hondamendi natural bat, gizakiarena, ingurumenarena eta osasunarena baizik», zehaztu du. Erantsi du «odol gehien botatzen duen zauria» bi langilek desagertuta jarraitzea dela. Konponbideez gain, ardurak hartzeko eskatu du, eta nabarmendu herritarrek agintarien «gardentasuna eta segurtasuna» behar dituztela. Elkarrekin Podemoseko bozeramaile Eneritz de Madariagak ere «koordinazio falta» salatu du, eta esan du ez zutela eduki «egoeraren tamaina baloratzeko gaitasunik». Gainera, eskatu du Zaldibarko zabortegiko hondakinak nora eramango dituzten argitzeko.

Rementeriak, aldiz, Iñigo Urkullu lehendakariren lana txalotu du, «hasieratik krisiaren buru izateagatik», eta Eusko Jaurlaritzari nahiz inguruko herrietako alkateei eskerrak eman dizkie, «dena ematen ari direlako egoera berri eta konplexu horretan».

Bestelako hitzak izan ditu, ordea, alderdi politiko horientzat, eta «jendearen beldurra manipulatzea» egotzi die. EH Bilduz, esaterako, esan du «beste jarrera bat izatea» espero zuela, «sorbalda gerturatzea, herriari laguntzeko» eta ez «zenbat eta okerrago, niretzat hobeto» gisako jarrerak edukitzea. Era berean, Rementeriak ziurtatu du «polemika bila eta gobernua ahuldu nahian» aritu direla. «Horrelako ezbehar batean, zergatik ezin gara guztiok elkarri eskutik emanda joan?», galdetu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.